Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatutako Ikusmira Berriak programaren hirugarren deialdia martxan da, eta proposamenak aurkezteko epea zabalik izango da apirilaren 3ra arte. Programaren helburua ikus-entzunezko sormena bultzatzea da, eta bi ardatz nagusi ditu: prestakuntza eta ikus-entzunezko proiektuen laguntza.

Zinemagileei zuzendutako deialdian, ikus-entzunezko hizkuntza ezberdinak lantzen dituzten proiektu berritzaileei eta arriskuak hartzen dituzten egitasmoei ematen diete lehentasuna. Hautatutako proiektuen arduradunek sei asteko egonaldia egingo dute Donostian; lau aste Tabakaleran proiektua garatzeko, masterclassekin eta proiektuaren jarraipena egingo duten tutoreen laguntzarekin. Azken bi asteetan, berriz, Zinemaldiko aurkezpen pitching-a prestatuko dute.

Parte hartzaileei dagokienez, lau kategoria bereizi dituzte: mundua, Espainia, Euskal Autonomia Erkidegoa eta EIECINE (Nazioarteko Zinema Ikasleak). Izena ematen dutenek, kategoria bakarrean aurkez dezakete beren proiektua. Horretarako, Ikusmira Berriak webgunean topatuko duzue izen-emate orria. Azken eguna apirilaren 3a izango da.

Hautaketa

Ikus-entzunezkoen alorreko aditu-talde batek lehen hautaketa egingo du aurkeztutako agiriak oinarri hartuta, eta behin betiko hautaketa maiatzaren erdialdean jakinaraziko dute. Esleipenaz geroztik, hautatutako eskatzaileek astebeteko epea izango dute egonaldia onartzeko.

Programaren garapena

Egonaldia abuztuaren 21etik irailaren 30era luzatuko da. Lau astez garatuko dituzte proiektuak egoiliarrek, eta ondorengo bi asteetan pitchinga prestatu ostean, egitasmoak Donostia Zinemaldian aurkeztuko dituzte, zinemagintzako profesionalen aurrean.

Programak ondorengo zerbitzuak eskainiko dizkie hautatuei: bidaia-gastuak, asegurua, ostatua eta dietak, lanerako baliabideak, Euskadiko Filmategiko artxibo digitalerako sarbidea eta Zinemaldirako akreditazioa eta profesionalen jardueretako sarbidea.

Produkzioari dagokionean, ekoizpena abiatzeko diru-laguntza bat emango diete hautatutako egitasmoei. 20.000€ko diru poltsa dago horretarako, beharren arabera eta Hautaketa Batzordearen irizpideen arabera banatuko dutena. 

Postprodukziorako berriz, REC Grabaketa Estudioak bere zerbitzuak eskainiko ditu.