manchester-zinea-eusZuzendaria: Kenneth Lonergan

Urtea: 2016

Herrialdea: AEB

Lee Chandler (Casey Affleck) Bostonen bizi da, soto batean, eta mantentze lanak egiten ditu auzo bereko hainbat etxebizitzatan, soldatapeko lan gisa. Egun batean bere anaia Joe (Kyle Chandler)  hil dela jakinaraziko diote, eta bere jaioterrira itzuli beharko du izapideak egiteko eta bere iloba Patricken (Lucas Hedges) ardura hartzeko. Hala, orainari ez ezik, iraganari ere aurre egin beharko dio etxera itzultzen denean; zenbait urte atzera izandako gertakari lazgarriari eta bere bikotekide ohi Randirekin (Michelle Williams) izandako hausturari, kasu.

Oscar sariak otsailaren 26an banatuko dituzte, eta Manchester by the Sea gaueko irabazle nagusien artean egon daiteke. Sei hautagaitza ditu, eta, horregatik bakarrik, begirada asko bereganatuko ditu, La La Land baino haratago bizitza dagoelako. Hori bai, bizitza baino, heriotza du ardatz filmak. Heriotza batek eramango du Lee jaioterrira, baina benetako hilotza bera da, ez hilberria. Pizgarri eta ilusiorik gabe bizi da pelikulako protagonista, bakardadean, inolako emoziorik erakutsi gabe; ez onerako, ezta txarrerako ere. Bere anaia zendu da, baina horrek ere ez du asaldatuko. Egin beharrekoak egingo ditu, besterik gabe, eta ahalik eta azkarren bada hobeto, bere bakardadera lehenbailehen itzultzeko.


manchester-2-zinea-eus

Hor nonbait, garai batean ez zen halakoa, dramak harrapatu zuen arte. Bada, Kenneth Lonerganek drama horretara hurbilduko du ikuslea, baina negarra eragin gabe. Tristura eta etsipena hain da bortitza, beste aldera joko duela; irribarrea eragitera, hain justu. Bai, hala da, zuzendariak umorea erabiliko du egoeraz are eta gehiago jabetu gaitezen. Kontraesan bat dirudi, baina zentzu guztia du pertsonaiak nola egituratuta dauden ikusita. Malkoek korapiloa askatzeko balio ohi dute, eta Lonerganek ez digu lasaitasuna berreskuratzeko aukerarik emango. Elkartasun kontu bat da, enpatia sortu nahi du Lee eta Patrickekiko; hortaz, euren korapiloa eramango dugu etxera, konturatzerako geuk ere barru barruan izango dugula, askatu ezinik. Bistan da zuzendariak erabat manipulatuko dizkigula sentimenduak, eta hori egiteko talentu handia behar da gero. Hortaz, beldurrik gabe esango dut, arinki jokatu gabe : Manchester by the Sea maisulana da.

Baieztapen horretara iritsita, ezinbestekoa da Casey Afflecken lana nabarmentzea. Urrezko Globoa irabazi du paper honekin, filmean erakustaldia emanda, gehiegi hitz egin gabe. Keinuek, jarrerak, begiradak eta mugimendu geldoek, ekintzek azken batean, mina eta tristura islatuko dute; halako egoeretan hitzak soberan daude azken batean. Hala ere, tipo iluna izan arren, ez dugu begi txarrez ikusiko. Kontrakoa esango nuke. Halako pertsona toxiko bat ondoan izatea ez omen da gomendagarria, baina, hara non, bere hutsunea sentituko dugu zinema aretoa uzten dugunean. Leeren faltan, ea behintzat Casey Affleck laster ikusten dugun berriro, irribarre egiten bada ere. Pantaila handian baino lehenago, oholtza gainean ikusiko dugulakoan nago. Otsailaren 26an?