Atzerriko filmak euskarazko azpidatziekin eskaintzen dituen Filmazpit katalogoak bi izenburu berri eskainiko ditu aurrerantzean: Sanna Lenken zinegilearen Min lilla syster (Nire ahizpa perfektua, 2015) drama gogorra, eta Frantzian sekulako arrakasta izan duen François Ruffin kazetariaren Merci patron! (Eskerrik asko, ugazaba!, 2015) dokumentala.
Gai mamitsuak dituzte aztergai Filmazpit katalogoko lan berriek, ohi bezala: batetik, elikadura nahasteek eragindako gaitzak, eta bestetik, krisi ekonomikoa eta ustelkeria kasuak.
Lehena lantzeaz arduratu da Sanna Lenken idazle eta zinegile suediarra. Katja (Amy Deasismont) ahizpa miresten duen Stella (Rebecka Josphson) nerabea da filmeko protagonista; Katja patinatzaile ospetsua da, eta Stellaren begietara, perfektua da. Baina Katjak elikadura nahastea du, eta pixkanaka, horren ondorioak zeintzuk diren ikusiko ditu ahizpa txikiak. Lenkek gazteen arteko intimitate eta alienazio sare gatazkatsua bikain landu du, eta nazioarteko jaialdietan, hala nola, Cannesko zinema jaialdian, Berlinalen eta European Film Festival jaialdietan saritu dute lana.
François Ruffin kazetari eta zinegile frantziarrak, aldiz, Bernard Arnault enpresari handiaren negozioak izan ditu jomugan. Enpresa-gizonaren zalantzazko jarduna lantzeko, baina, Frantzia iparraldeko Kenzo fabrikan lan egiten zuten Serge eta Jocelyne Klur senar-emazteengana joko du, Michael Moore dokumentalgilearen antzera; Kenzo fabrika Arnaulten inperioarena da, baina ekoizpen kostuak merkatzeko asmoarekin, fabrika atzerrira eraman zuten. Ordutik, eguneko hiru eurorekin bizi dira Klur senar-emazteak. Baina sentimentaltasunetan erori gabe, bikotea miseria ekonomikotik aterako duen konponbidearen bila abiatuko dira hirurak.
Frantzian 500.000 lagun baino gehiagok ikusi dute dokumentala zinemetan, eta urteko lan arrakastatsuenen artean kokatu da.
Euskarazko azpitituluekin ikusgai
Aurrerantzean, beraz, bi lanak euskarazko azpitituluekin ikusteko eta programatzeko aukera izango da Filmazpit katalogoari esker. Emanaldiak kosturik gabe antola ditzakete interesa duten programatzaile eta eragile kulturalek.