Orain dela hilabete batzuk blog honetan bertan idatzi nuen euskaldunok jarraitzen dugula jokatzen duela hamarkada batzuk bezalaxe nahiz eta digitalizazioaren iraultza gure zine aretoetara aspaldi heldu. Alegia, mundua eta gure ingurua erabat aldatu diren arren, ez garela enteratu.
Kontua ez da nolanahikoa. Duela gutxi gure kultur eragile argienetako batek, Bernardo Atxagak, Berrian argitaratutako elkarrizketa batean honako hau adierazi zuen hitzez hitz: “Hizkuntzarekin daukagun arazorik handiena itzulpenarena da”.
Era berean, honako hauxe ere gehitu zuen: “Itzulpenarena estatu auzi bat da”.
Zer esanik ez, guztiz ados nago goiko bi esaldi horiekin. Izan ere, agerian dago setatuta egon garela —gaudela— hizkuntza-eskubideak (ustez) errespetatzearekin, baina, hori bai, laurogeiko hamarkadako erara. Alegia, garbi dugula euskaraz (ere) argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, udal bandoak eta enparauak baina paso egiten dugula, adibidez, etengabe ekoizten diren —eta gaur egun giltzarri diren— ikus-entzunezkoez.
Nire ustez, berriro diot, gurean estreinatzen diren filmen gabezia —ez baitira estreinatzen eta kito!! — nahiko konponbide erraza izango luke EAEko euskaldunok gogoa izanez gero. Bernardo Atxagak, zorroztasun bikainarekin, zuzenean heltzen dio gaiari. Eta ni bat nator berarekin, baita honako honetan ere: “Azpigai bat litzateke nora bideratuko ditugun itzulpenaren indarrak: izango ditugu udaletxe eta bulego burokratikoetan urrea hauts bihurtzen? Edo jarriko ditugu, esate baterako, Wikipedia itzultzen?”
Izan ere, nahiz eta digitalizazioak gurean kontrolaezinezko aldaketak (eta kalteak) eragin dituen, nire ustez, arras gutxi hausnartu dugu gai honetaz, edozein aitzakiarekin manifestazioak nahiz kontzentrazioak egiten diren gure gizarte honetan. Telebista-aparatuei —eta gainerako pantailei— begiratzea baino ez dago egiaz eta begiaz ikusteko zenbat kanal berri eta plataforma heldu diren, eta horietatik zenbat diren euskaraz. Ingurua aldatzen denean norberak ere aldatu beharra dauka; baina gu, ez. Gu laurogeiko hamarkadan bizi gara oraindik.
Dena den, ez naiz ezkorra. Alderantziz. Argi dut digitalizazioak oso gauza onak ekarri ahal dizkiola gure hizkuntzari. Zeren, hasteko, nork daki nola ikusiko ote ditugun filmak zinema aretoetan urte batzuen buruan?
Nolanahi ere, oraina da kontua; eta nire ustez zine-aretoetan estreinatzen diren pelikulen %33a bakarrik —azpitituluen bidez— euskaraz ere estreinatuko balitz, jatorrizko bertsioko eta euskarazko eskaintza emateaz gain, apurka-apurka, sekulako ondarea ekoizten ariko ginateke. Eta ondarea diot geroan ere erabili ahal izango dituztelako itzulpen horiek.
Amaitzeko, galdera bat eta uste bat. Etorkizunean, zer erabilera uste duzue emango diegula EHAAren euskarazko bertsioei? Nik, behintzat, argi dut askoz erabilgarriagoak gertatuko liratekeela domeinu publikoan jarriko liratekeen azpititulu eta itzulpenak, buletinak eta beste txepelkeriak baino.
Eta hau guztia diot betiere gogoan izanda euskaradunok gizartearen %33ra iristen bagara —eta uste dut iristen garela— XXI. mendeko hasiera honetan gure oinarrizko eskubidea dela estreinatzen diren filmen eta telesailen kopuru berdintsu bat, gutxienez, gure hizkuntzan kontsumitzeko aukera izatea.