Martxoaren 7an hasi eta apirilaren 8ra arte, Loraldia jaialdiak Bilbo loratuko du beste behin. Loreen urtaroa abiatu aurretik hasiko da jaialdia, neguaren eta udaberriaren arteko zubia izateko asmotan. 30 ekitaldi inguru programatu dituzte, tartean, ikus-entzunezkoekin lotutako hainbat.

Loraldia euskarazko kultura sustatzeko eta honen inguruan lanean ari diren eragileen arteko elkarlana bultzatzeko helburua duen elkartea da. Euskarazko kultura garaikidea publiko orokorrari helarazi nahi diote, gazteengan indar berezia eginez. Eta horretarako, hirugarren urtez jarraian, musika, dantza, antzerkia, zinema, bertsolaritza eta beste hainbat kultur adierazpide biltzen dituen Loraldia jaialdia antolatu dute.

Urtaroekin ez ezik, inguruko kulturekin ere zubiak eraiki dituzte, eta Ipar Amerikako folk aintzindariak, penintsulako surrealismoak, zeltiar musikak zein Londreseko hip-hopak ere tartetxo bana izango dute egitarauan.

Era berean, egun horietarako Football Film Festival film labur lehiaketa antolatu da, Loraldiarekin lankidetzan eta Euskaltelen babesarekin.

loraldia-zinea-2-eus

Ekitaldien artean, hiru film proiektatuko dituzte:

Martxoak 15, asteazkena: Euskadi sinfonia filmatua (Renné Le Henaff, 1936) eta Basker eta Bonde i Baskerland (Dan Grenholm eta Lennart Olson, 1960).

  • Azkuna zentroa – Golem sala 1 19:30ean.
  • Aurkezpen hitzaldia Josu Martinez eta Argibel Euba Ugarte zinema ikerlarien eskutik + proiekzioak:  70 min.
  • Sarrera: doan
  • 1936an errodatu zen Euskal Herrian baina sekula ez zen estreinatu gure herrian. Euskal zinemagintzan aipatzen da, baina orain arte aurkitu gabe zegoen, Josu Martinez zinegileak eta Euskal Herriko Unibertsitateko zinema ikerleak Parisen aurkitu duten arte. Beraz, estreinaldi historikoa izango da.
  • Programazioa biribiltzeko 1960ko bi suediar dokumental pantailaratuko dira, Basker eta Bonde i Baskerland.

Martxoak 30, osteguna: Irrintziaren oihartzunak (Iratxe Fresneda, 2016)

  • Azkuna zentroa – Golem 19:30ean.
  • Hitzaldia Iratxe Fresnedaren eskutik. 90 min.
  • Sarrera: doan
  • Dokumentala Mirentxu Loiarte (Iruñea, 1938) zinegile nafarraren memoria eta obra miatzeko asmoa duen begirada bat da. Dokumentalean, Loiarteren bi lan azpimarratuko dituzte: Irrintzi (1978) eta Euskal emakumeak (1981).