Adin txikikoek sexu esplizitua duten filmak ikusteko baimena eman du Frantziako Gobernuak, betiere, Zinemaren Batzorde Nazionalak onartutako filmen kasuan. Frantziako Aldizkari Ofizialak argitaratu du Kultur Ministerioak onartutako dekretua, eta bertan, 18 urtez azpiko gazteei sexu esplizitua duten filmak ikustea debekatzen zien legea indargabetuta geratu da.  

Zinemaren industriak aspaldi egin zuen eskakizuna. Aldiz, Promouvoir muturreko elkarte katolikoak gogor borrokatu du azken urteetan hainbat film ikusteko gutxieneko adina mantentzeko. Film horien artean oihartzun handiena lortu dute La Vie d’Adele (Abdellatif Kechiche, 2013) eta Love (Gaspar Noé, 2015) lanek. 16 urtez azpiko gazteentzako ezerri zuten debekua hasieran, baina Promouvoir elkarteak auzitara jo zuen, eta adin txikiko gazte guztiei debekatu zieten sexu esplizitudun eszenak dituzten filmak ikustea.

Honenbestez, frantziar zinemaren industriak, adierazpen askatasuna mugatu zitzaiela iritzita, debekuari aurre egin zion, eta Audrey Azoulay kultura ministroak txosten bat galdatu zuen arazoa bideratzeko. Oraingo dekretuak txosten horren ondorioak jasotzen ditu.

Aurrerantzean

Aurrerantzean Zinemaren Batzorde Nazionalak filmen eszenak aztertuko ditu adin txikikoen sentikortasunari eragiten dieten ala ez ebazteko, eta horren arabera ezarriko ditu debekuak. Orain arte filmak sailkatzeaz arduratzen zen erakundea, hain zuzen. Aurrerantzean, ordea, jarduteko askatasun gehiago izango du, eta bere erabakiak kontuan hartuko ditu Ministerioak.

2015ean, erakundeak, 700 film aztertu zituen. Hamabi urtetik beherako aurren kasuan, 53 film debekatu zituen; bost film hamasei urtetik beherakoentzat; eta lau lan hemezortzi urtez azpikoentzat. Gainera, film bat auzitara eraman dute, Parisko Apelazio Auzitegiak ebatzi dezan.