Bihartik, otsailak 9, otsailaren 25era luzatuko da Zinemaldia.cat, Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen Kataluniako Euskal Zinema Jaialdia. Aurten hamabigarren edizioa egingo dute, eta euskal zinemagintzaren sektoreko hainbat izen esanguratsu erakarriko ditu Bartzelonara.

Zinemaldia-cat-Zinea-eus-02

Jaialdiaren helburuetako bat topikoak haustea da, eta besteak beste, Euskal Herrian egindako zinema ez dela soilik euskaldunei buruzkoa eta euskaldunei zuzendua erakutsi nahi dute antolatzaileek. Aurtengo protagonisten artean dira Juanma Bajo Ulloa, Helena Taberna, Jon Maia, Haritz Zubillaga eta Koldo Serra, eta publikoarekin elkarreragina sustatzeko, zuzendari, aktore, gidoilari eta ekoizleak emanaldietan izango dira.

Gonbidatuez gain, luxuzko programazioa eta epaimahaia ere izango ditu hamabigarren edizioak, eta urtero moduan, kalitatearen aldeko apustua egingo dute. Epaimahaia, halaber, Betsy Túrnezek, Toni Vallek, Biel Duranek, Dani de la Ordenek eta Anna Solanasek osatuko dute.

Dena den, emanaldi arruntetatik haratago, solasaldiez gozatzeko aukera ere izango da, eta jaialdiko sail ofizialetatik kanpo ere hainbat proposamen ezberdin eskainiko dituzte: iaz bezala, AlterZinemaldia errepikatuko dute, eta Fotogramas aldizkariko erredakzio-buru den Pere Vall kazetariaren eskutik, zinema ibilbide bat egiteko aukera izango da. Hainbat film ezagunen kokalekuak eta sekretuak ezagutuko dituzte parte hartzaileek. Eta Igelak filmaren soinu banda zuzenean eskainiko du Gatibu taldeak.

Urrezko Txapela eskuratzeko lehian ariko dira ondorengo filmak:

  • Rockandrollers (Juanma Bajo Ulloa). Otsailak 9, 20:00etan.
    • Zuzendariaren aurkezpenarekin.
  • Iragan gunea Berlin (Maider Oleaga). Otsailak 10, 20:00etan.
    • Zuzendariaren aurkezpenarekin.
  • Acantilado (Helena Taberna). Otsailak 10, 22:00etan.
    • Zuzendariaren aurkezpenarekin.
  • Gutik zura (Jon Maia). Otsailak 11, 20:00etan.
    • Aurkezpena: Jon Maia (zuzendaria) eta Mari Jose Barriola (proiektuaren koordinatzailea).
  • Igelak (Patxo Telleria). Otsailak 11, 22:00etan.
    • Zuzendariaren aurkezpenarekin.
  • Kimuak. Lehiaketatik at. Otsailak 11, 22:00etan.
    • Aurkezpena: Maider Fernandez (Gure hormek laburraren zuzendaria) eta Agustí Argelich (Filmets jaialdiko zuzendaria).
  • Voces de papel (Estibaliz Urresola). Otsailak 12, 18:00etan.
    • Zuzendariaren aurkezpenarekin.
  • Pedaló (Juan Palacios). Otsailak 17, 20:00etan.
    • Zuzendariaren aurkezpenarekin.
  • Gernika (Koldo Serra). Otsailak 18, 22:00etan.
    • Zuzendariaren aurkezpenarekin.
  • Kalebegiak. Lehiaketatik at. Otsailak 19, 20:00etan.
    • Aurkezpena: Maider Fernandez (zuzendaria), Miren Aperribay (Atera Films), Jorge Gil (Moriarti ekoiztetxea, eta proiektuaren koordinatzailea).