multiple-kartela-zinea-eusIzenburua: Split

Zuzendaria: M. Night Shyamalan

Urtea: 2016

Herrialdea: AEB

Kevin (James McAvoy) bere konfiantzazko psikiatra Karen Fletcherrengana (Betty Buckley) joan ohi da terapia egiteko, pertsonalitate anizkoitza duelako. Hain zuzen ere, 23 pertsonalitate desberdin identifikatu ditu medikuak, baina 24. bat dago ezkutuan, besteak menperatzeko prest. Kontsultatik kanpo, Kevinek etxean igaro ohi du egunerokoa, hiru neska gazte bahituta baititu bertan. Hauek bahitzailearen pertsonalitateak ezagutzen joango dira, preso dauden bitartean. Hala, Dennis, Patricia, Hedwig, Barry eta Orwell ezagutuko dituzte, besteak beste, 24. pertsonalitate beldurgarria azaleratu baino lehen.

Shyamalanen bekatu handiena The Sixth Sense filma egitea izan da, langa goi goian jarri zuelako. Hemezortzi urte igaro dira orduz geroztik, eta tarte horretan estreinatu dituen pelikula guztiek ikusmina sortu dute, Oscar sarietarako sei hautagaitza jaso zituen lan arrakastatsu hura gogoan. Bada, oraingoan ere, Indian jaiotako zuzendariak ez ditu ikusminak asebete. Split ez da lan kaskarra, baina, egiari zor, ez du ezer berririk ekartzen. Urte hauetan guztietan, zuzendariak ezagun egin ditu bere pelikuletan egin ohi duen agerraldi hitchcocknianoa eta bukaeran tramari eman ohi dion norabide aldaketa. Elementu hauek ere ia oharkabean pasako dira.

Aurreikusteko moduko thriller bat dela esango nuke, eta gabezia horrek Shyamalanen proposamena indargabetuko du hasiera hasieratik. Nik, behintzat, lasai antzean ikusi dut pelikula, eta hori generoaren espirituaren kontra doa. Arnasa aise hartu dut pelikula osoan, soto batean hiru pertsona bahituta egon arren, eta etxe azpiko labirintoak ez dizkit bihotz-taupadak azkartu, korrika egiteko premia ere ez dudalako izan. Azken batean, klaustrofobia berezirik ez dut sentitu, eta oso albiste txarra da hori pelikularen helburua kontutan hartuta.

split-zinea-eus

Gauzak horrela, protagonista nagusiaren lana epaitzea geratzen zaigu filmeak azterketa gainditu ote duen jakiteko. Zentzu honetan, James McAvoyk lan zuzena egin du pertsonalitate desberdinak irudikatzeko orduan, baina bere interpretazioa ere ez da historiara pasako. Psikopata handiak igaro dira pantaila handitik, eta, jatorrian pertsonalitate anizkoitzaren ideia interesgarria bada ere, protagonista nagusiak sortutako ikara sentimendua indarra galtzen joango da minutuek aurrera egin ahala, alderantziz izan beharko litzatekeenean. Oldarkortasunak gora egingo du, bai, baina estutasuna, thriller psikologikoen oinarria, ez da indarkeriaren maila berean areagotuko. Aktore eskoziarrak ondo ekingo dio pelikulari, baina, etorriko dena itxura ona izan arren (ikusmina), sinesgarritasuna galtzen joango da pixkanaka: zenbait unetan, gehiegi nabarmenduko ditu pertsonalitate desberdinen berezitasunak (ikuslea hotz, berriro).

Hau guztia esanda, zaila egiten zait pelikula hau gomendatzea, entretenimendua proposatzeko baino zerbait gehiagorako baldin bada. Hala ere, gustuak ere anizkoitzak direnez, kritika honi ez nioke jaramon gehiegirik egingo. Norberak epai dezala.