Hilaren 20an hasiko dira Donostian Patxo Telleria zinegile, aktore eta gidoigile bilbotarrak idatzitako eta Antonio Cuadri gidoigile eta zuzendari andaluzak gidatutako filmaren grabaketekin. Hainbat euskaldunek hartuko dute parte ekoizpenean.
Donostiako Zinemaldiaren testuinguruan girotutako komediako protagonistak Karra Elejalde eta Jordi Mollá izango dira. Haiekin batera ariko dira Unax Ugalde, Ramón Agirre eta Bárbara Goenaga aktore euskaldunak, baita Mara Escalante eta Bárbara Mori mexikarrak ere.
Filmak Urumea Produkzioak S.L. ekoizpen etxeko zuzendari Marcos Ruiz de Aldazábalen (Karra Elejaldek) istorioa pantailaratuko du. Porrot egin du enpresak, eta Donostia Zinemaldia baliatu nahiko du inbertitzaile aberats bati iruzur egiteko. Horretarako, Ray Silvela (Jordi Mollá) kubatarraz baliatuko da.
Abraprod ekoizpen etxe euskaldunak eta Spline mexikarrak ekoitzitako filma Donostia eta Cancun (Mexiko) artean errodatuko dute. Grabaketak otsailaren 20an abiatuko dituzte, eta 33 egunez izango dira Euskal Herrian. Ostean Ameriketara joango dira, azken sekuentziak errodatzera.
Operación Conchak hiru milioiko aurrekontua du, eta ETBren eta TVEren laguntza izango du.