IBAIA Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak 2010 eta 2015 urteen artean EAEn ekoitzitako ikus-entzunezkoen azterketa egin du Ikertalderen bidez, ekoizpen zinematografikoak Euskadin duen eragin sozioekonomikoaren argazkia egiteko. Otsail hasieran aditzera eman zituzten ikerketaren emaitzak, eta hainbat ondorio adierazgarri jarri zituzten mahai gainean.
IBAIAko bazkide diren ekoizpen etxeekin egindako sakoneko elkarrizketak eta 70 euskal ekoiztetxe baino gehiagoren adierazle ekonomikoak baliatu ditu Ikertaldek Impacto socioeconómico del sector de la producción cinematográfica en el País Vasco txostena osatzeko. 2010 eta 2015 epealdian ekoitzitako lanak hartu dituzte oinarri, eta sektoreak sortutako enplegua eta etekinak aztertu dituzte.
Ikerketaren emaitzak esanguratsuak dira:
- 2010 eta 2015 artean 66 film luze ekoitzi ziren EAEn, batez beste, urtean 11.
- Espainiako gainerako autonomia-erkidegoekin alderatuta, EAE laugarren postuan dago urteko ekoizpenari dagokionean, Madril, Katalunia eta Andaluziaren atzetik (erkidego nabarmen jendetsuagoak).
- Adibide gisa 2014. urtea hartuta, ekoizpen orokorra 61.906.923 eurokoa izan zen.
- Urte hartan bertan, 765 lanpostu sortu ziren (film luzeetan, % 60 euskal enpresekin; eta euskarazko animaziozko eta fikziozko filmen kasuan, % 90 ziren euskal enpresak).
- ICAAk eta Jaurlaritzak 3.893.739 euro bideratu zituzten zinemagintzara 2014an, laguntza mota ezberdinen bidez. Aldiz, administrazio publikoari itzulitakoa 4.494.554 euro izan ziren (600.000 euro inguruko itzulera positiboa).
- Gainera, geroz eta euskarazko film gehiago estreinatzen dituzte nazioartean, dozenaka sari eskuratzen dituzte nazioarteko jaialdietan, eta Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2014) filmak Oscar sarietarako hautagaitza eskuratu zuen.
Jose Portela IBAIAko lehendakaria, Ignacio Rotaeche IBAIAko kudeatzailea eta Iñigo Arteche Ikertaldeko proiektu zuzendaria izan ziren aurkezpenean, eta txostenak eskainitako emaitzen aurrean, pizgarri fiskalak eskatu zituen Portelak, diru-laguntzen murrizketak orekatzeko. “Sektorea arriskuan jartzea ekidingo duten neurriak hartzea beharrezkoa da. Horrek, gainera, euskal zinemagintzaren garapen handiago bat sortuko du. Beraz, eskatzen duguna da, Euskadiko Foru Aldundiek, ekoizpen zinematografikoen inbertsioan aplikagarri diren zerga-pizgarriak martxan jartzeko eta sendotzeko beharrezko neurriak hartzea. Sektoreak etorkizuna du”.
Informazio gehiago kontsultatu nahi izanez gero, sartu IBAIAren atarian.