Bihar, otsailak 9, zabalduko ditu ateak Berlinale Zinema Jaialdiko European Film Market (EFM) azokak. Zineuskadi elkartearen bidez, bertan izateko interesa zuten proiektuekin Basque Audiovisual katalogoa osatu dute, eta Eusko Jaurlaritzaren Ikus-entzunezko Sektorearen Plataforma Publikoaren standean izango da eskuragai. Profesional ugari ere bertaratuko dira.
Hamabi dokumental, bederatzi fikzio eta bost animazio. Horien artean zazpi dira euskarazkoak, eta gehienak garapen fasean daude. 19 ekoizpen etxeren lanak dira, eta iazko edizioan parte hartu zuten eta aurten berriro animatuko diren zortzi lan daude: El ataud de cristal (Haritz Zubillaga), Gutik zura (Jon Maia), Pixi Post eta opari-emaileak (Gorka Sesma), Acantilado (Helena Taberna), Picadero (Ben Sharrock), Teresa eta Galtzagorri (Agurtzane Intxaurraga) eta Central Africa’s Closed Eyelids (Alfredo Torrescalles). Katalogo osoa online kontsultatu daiteke.
EFM topaleku ezin hobea izango da, beraz, proiektuok aurrera eramateko babes bila joango diren euskal ekoizleentzat. Izan ere, ekoizle eta banatzaileen artean sortzen diren harremanek eta ideia trukaketek aukera bikainak eskaintzen dizkiete bertaratutako profesionalei: finantziazio bideak bilatu, kolaborazio hitzarmenak lortu eta negozio ideia berriak garatzeko gunea da azoka. Gainera, Zineuskadi elkarteko lantaldeak matchmaker lanak egingo ditu harremanok errazteko.
Eusko Jaurlaritzako Ikus-entzunezko Sektorearen Plataforma Publikoak stand propioa izango du azokan, eta Aitziber Atorrasagasti Zineuskadiko lehendakari berria eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapenerako zuzendaria izango da bertan.