Urtarrilean aurreratutakoaren haritik, Zinegoak Bilboko gaylesbotrans zinema jaialdiaren edizio berriak bi asteko iraupena izango du aurtengoan, eta otsailaren 20tik martxoaren 5era luzatuko da. Gaur bertan, otsailak 7, aurkeztu dute egitaraua, eta dokumentalen eta Afrikako edukien nagusitasuna azpimarratu dituzte antolatzaileek. Ohorezko sariak Joao Pedro Rodrigues zinegile portugaldarrarentzat eta Ugandako Queer Kampala IFF jaialdiarentzat izango dira.

Ziengoak-2017-Zinea-eus-02

Dokumentalen aldeko aldarria izan da jaialdia bi astera luzatzeko arrazoi nagusia. Hala, otsailaren 20tik 26ra, dokumentalak izango dira protagonista Bilborock aretoan, eta hilaren 27tik aurrera, fikziozko lanek hartuko diete lekukoa Golem Alhondigako zinemetan. Iraupenaz gain, jarduera kopuruak ere gora egin duela azaldu dute antolatzaileek, eta tartean, Histeria Kolektiboarekin batera ekoitzitako Inundación antzezlana eskainiko dute martxoaren 3an eta 4an La Fundición aretoan.

2017ko Ohorezko Sari Nagusia Joao Pedro Rodrigues portugaldarrak jasoko du Arriaga Antzokian egingo duten inaugurazio ekitaldian, otsailaren 20an. Hurrengo egunean, halaber, masterclass bat eskainiko die komunikazioa, arte ederrak eta ikus-entzunezkoak ikasten ari diren ikasleei, eta zinegilearen lan berriena proiektatuko dute Golem Alhondigan doan: O ornitólogo.

Bigarren saria, aldiz, Ugandako Queer Kampala IFF jaialdiak jasoko du. LGTBI eta zinema uztartzen dituen jaialdia da, gisa horretako ekimen bakarra Afrikan. Jaialdiko antolatzaileen lana, esfortzua eta ausardia aitortu nahi dituzte, eta Hassan Kamoga festibalaren zuzendaria etorriko da garaikurra jasotzera.

Hala, bigarren saria aitzakiatzat baliatuta, Afrikako LGTBI mugimenduaren errealitatea ezagutarazten duten lanak ekarriko dituzte Zinegoak jaialdira. Horretarako, Queer Afrika zikloa antolatu dute, eta Uganda, Kamerun, Hego Afrika, Cabo Verde eta Keniako lanak, zazpi orotara, eskainiko dituzte. Egitarau osoa ikusgai da online.

Amaiera berezia

Urteroko itxiera-ekitaldiaz gain, aurtengoan amaiaera saio berezia egingo dute, eta Eduardo Casanova gaztearen Pieles lana eskainiko dute. Naziaorteko hainbat jaialditan izan da, hala nola, Berlinalen, eta zinema areto komertzialetara heldu aurretik izango da ikusgai Bilbon. Filmak Alex de la Iglesia zinegile bilbotarraren ekoizpena du.

Herriz herri, martxoan

Amaiera ekitaldiaren ostean, halaber, jaialdiak aurrera jarraituko du Euskal Herriko herri eta hirietan, eta 40 proiekzio baino gehiago egingo dituzte martxoan, hala nola, Donostian, Iruñean eta Tuteran.