Ameriketako Argazki Zuzendarien Elkarteak (ASC) urtero banatzen dituen Spotlight Awards sarietan, mugatutako estreinaldien eta jaialdietan soilik ikusgai izan diren filmen kategorian, Gorka Gómez Andreu (Gasteiz, 1978) argazki zuzendaria saritu zuen iragan ostiralean, House of Others (Rusudan Glurjidze, 2016) filmean egindako lanagatik. Garaikurra Dakota Johnson modako aktore estatubatuarrak eman zion.

Gorka-Gomez-Andreu-zinea-eus

Hollywoodeko Ray Dolby Ballroom aretoan egin zuten sari banaketa ekitaldia iragan ostiralean. Georgia, Errusia, Kroazia eta Euskal Herriaren arteko House of Others ekoizpenean argazki zuzendari gisa egindako lanagatik eskuratu zuen hautagaitza Gómez Arnauk, eta berarekin batera lehiatu ziren Lol Crawley Childhood of a Leader lanagatik, Ernesto Pardo Tempestad lanagatik, eta Juliette van Dormael Mon Age filmagatik.

House of Others iragan Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean izan zen ikusgai, besteak beste, eta 90eko hamarkadako Georgian kokatuta dago; SESBren erorketaren ostean, Abjaziako herri txiki bateko bi sendiren arteko gatazka izango du aztergai.

Spotlight Award saria, baina, ez da Gómez Andreuk House of Others filmagatik jasotzen duen aurrenekoa, Australiako Zinemaren Akademiak ere saritu baitzuen orain hilabete batzuk. Baina aurretik ere nazioarteko dozenaka sari eskuratutakoa da, eta maiz egiten du lan atzerriko ekoizpenetan.

Ibilbide oparoa

Gómez Andreu, Miguel Ángel Jiménez, Luis Moya, Imanol Gómez de Segura eta Luis de Ozak orain hamar urte sortu zuten Kinoskopik ekoizpen etxe gasteiztarra. 2008an Días de El Abaniko dokumentala estreinatu zuten, eta ordutik, dozenaka lan egin dituzte, bakarka zein koprodukzioan. Hala nola, Ori (2009) eta Chaika (2012).

Gómez Andreuk, baina, argazki zuzendari independete gisa ere aritu da, hala nola, iazko Kimuak katalogoko Lost Village (George Todria) eta Hileta (Kepa Sojo) lanetan, Kalebegiak egitasmoko Iraila (Asier Altuna eta Telmo Esnal) laburrean, eta berriki errodatzen amaitu duten Paul Urkijoren Errementari filmean, bertako ekoizpenari dagokionez. Atzerriko lanak kontsultatzeko, sartu bere orrialdean.