Iruñeko Zinema Dokumentalaren Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoa izan da lau urtez Oskar Alegria (Iruñea, 1973) kazetari eta zinegilea, 2013an Josetxo Cerdánek postua utzi zuenetik. Jaialdiaren politika jarraiki, baina, postua utziko du martxoan, jaialdiaren XI. edizioaren ostean. Ordezkoa topatzeko deialdia zabalik da jada.
Kazetari eta zinegile nafarra da Alegria, dozenaka kultur eta arte proiekturen sortzaile eta koordinatzailea. 2012an bere lehen luzea estreinatu zuen, nazioarteko hogeitik gora jaialditan aurkeztu duen eta lau sari jaso dituen Emak Bakia dokumental berezia. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zuen lana urte hartan, eta kritika bikainak eskuratu zituen.
2013az geroztik, baina, Iruñeko Zinema Dokumentalaren Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoa izan da. Jaialdiak aldizka berritzen den zuzendari artistikoaren eta zuzendari exekutiboaren figurak ditu, zuzendaritza bikoitza osatuz. Alegriaren etapan Ana Herrera izan da zuzendari exekutiboa, Cerdánen epean bezalaxe.
Deialdia zabalik
Alegriak martxoan utziko du postua, jaialdiaren XI. edizioaren ostean, eta ordezkoa topatzeko deialdia zabaldu du jada jaialdiak. Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 22ra arte izango da zabalik, eta hautagaiek atarian zerrendatuta dauden baldintzak bete beharko dituzte. Informazio guztia webgunean topatuko duzue.