Larunbatean, otsailak 4, Espainiako Zinemaren Akademiak banatutako Goya Sarien 31. edizioa ospatu zuten Madrilgo Marriot Auditorium hotelean. Gala 22:00etan hasi eta goizeko 01:00ak arte luzatu zen, eta sarituen artean euskal zinegile, musikari eta ekoizpen etxe bana suertatu ziren.
Film onenaren sari nagusia Tarde para la ira (Raúl Arévalo) filmak eskuratu zuen, eta zinegilea hainbat alditan igo zen eszenatokira, zuzendari berri onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren garaikurrak ere eskuratu baitzituen. Zuzendari onenaren kategorian, ostera, J.A. Bayona izan zen garailea, Un mounstro viene a verme lanagatik. Kategoria askotan zen faborito Bayonaren ekoizpena, eta hautagaitza gehien zituen lana ere bazen, hamabi orotara.
Euskal zinemari dagokienez, ordezkaritza aurreko urteetan baino txikiagoa izan bazen ere, kategoria batzuetan euskal ekoizpen bat baino gehiago lehiatu ziren. Sarituen artean dira, besteak beste, Pedro Rivero zinegile bilbotarra, animaziozko film onenaren garaikurra eskuratzeagatik, Psiconautas, los niños olvidados filmarekin. Riverok Alberto Vázquez galiziarrarekin batera zuzendutako filma da, eta Basque Pictures produkzio etxea arduratu da ekoizpenaz. Kategoria berean lehiatu zen Teresa eta Galtzagorri, eta filmaren zuzendari Agurtzane Intxaurragak, bere aldetik, amets bat bete duela adierazi zuen sari banaketaren aurretik, “euskal talde batek euskaraz ekoitzitako film bat Goya saria eskuratzeko lehiatuko delako”.
Bada, Pedro Riverorekin batera Psiconautas, los niños olvidados zuzendu duen Alberto Vázquezen Decorado lanak ere Goya saria eskuratu zuen animaziozko film labur onenaren kategorian, eta Uniko ekoizpen etxe bilbotarrak parte-hartze garrantzitsua izan du filmean.
Azkenik, Fernando Velázquez getxotarrak Un mounstro viene a verme filmeko jatorrizko musika onenaren saria jaso zuen. Donostiako Orfeoiak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hartu zuten parte soinu bandan.
Jarraian 31.edizioko Goya Sarien irabazleak:
Filmik onena:
- Tarde para la ira – Raúl Arévalo
Zuzendari onena:
- Juan Antonio Bayona – Un mounstro viene a verme
Zuzendari berri onena:
- Raúl Arévalo – Tarde para la ira
Emakumezko aktore onena:
- Emma Suárez – Julieta
Gizonezko aktore onena:
- Roberto Álamo – Que dios nos perdone
Taldeko emakumezko aktore onena:
- Emma Suárez – La próxima piel
Taldeko gizonezko aktore onena:
- Manolo Solo – Tarde para la ira
Emakumezko aktore berri onena:
- Ánna Castillo – El olivo
Gizonezko aktore berri onena:
- Carlos Santos – El hombre de las mil caras
Jatorrizko gidoi onena:
- David Pulido eta Raúl Árevalo – Tarde para la ira
Egokitutako gidoi onena:
- Alberto Rodríguez eta Rafael Cobos – El hombre de las mil caras
Jatorrizko musika onena:
- Fernando Velázquez – Un mounstro viene a verme
Produkzio zuzendaritza onena:
- Sandra Hermida Muñiz – Un mounstro viene a verme
Muntaketa onena:
- Bernat Vilaplana eta Jaume Martí – Un monstruo viene a verme
Soinu onena:
- Silvia Pérez Cruzen Ai, ai, ai – Cerca de tu casa
Argazki zuzendaritza onena:
- Óscar Faura – Un Monstruo viene a verme
Zuzendaritza artistiko onena:
- Eugenio Caballero – Un monstruo viene a verme
Jantziteria diseinu onena:
- Paola Torres – Los últimos de Filipinas
Makillaje eta pelukeria onena:
- David Martí eta Marese Langan – Un monstruo viene a verme
Efektu berezi onenak:
- Pau Costa eta Félix Bergés – Un monstruo viene a verme.
Europako film onena:
- Elle – Paul Verhoeven
Film iberoamerikar onena:
- El ciudadano ilustre – Gastón Duprat eta Mariano Cohn
Dokumental onena:
- Frágil equilibrio – Guillermo García López
Animaziozko film onena:
- Decorado – Alberto Vázquez
Fikziozko film labur onena:
- Timecode – Juanjo Giménez Peña
Dokumental labur onena:
- Cabezas Habladoras – Juan Vicente Córdoba
Animaziozko film labur onena:
- Decorado – Alberto Vázquez