Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak atzerriko hizkuntzetan ekoitzitako 297 filmen eta 24 telesailen 255 kapituluren azpitituluak jarri ditu eskuragarri. Open Data Euskadi atarian deskargatu daitezke azpitituluak.
Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren eta Telebista Digitalaren Banatzailea SA enpresaren arteko lankidetzari esker, 2014-2016 epealdian Canal + plataforma digitalean izandako estreinaldiak euskaraz azpititulaturik ikusteko aukera izango da.
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak, Euskararen Agenda Estrategikoa egitasmoaren baitan, euskara biziberritzearen alde jarduerak antolatzen ditu. Kultur kontsumoari dagokionez, kultura euskaraz kontsumitu, euskarazko sorkuntza bultzatu eta erderazko produktuak itzuli eta lokalizatzea du helburu. Horretarako, hainbat aldagai kontuan izan eta guztien arteko oreka aurkitzen saiatzen dira: kalitatea, aberastasuna, aniztasuna, hartzaile potentzialen kopurua eta nolakotasuna, besteak beste.
Hori lortzeko asmotan garatu dute proiektua, atzerriko hizkuntzetan ekoitzitako puntako eta kalitatezko zinea telebistan euskaraz azpititulaturik ikusteko aukera izanik.