2017ko martxoaren 31tik apirilaren 7ra Donostiako Giza Eskubideen 15. edizioa ospatuko da, eta jada ireki dute gazte epaimahaian parte hartzeko izen-emateko epea.

Donostiako Udalak, Giza Eskubideen Bulegoaren bitartez, eta Donostia Kulturak antolatzen dute. Gazte Epaimahaiak film laburrik onenari 3.000 euroko saria emango dio.

Jaialdiak mundu osoan gertatzen diren giza eskubideen urraketen aurrean, herritarren kontzientzia kritikoari eragin nahi dio, baita zenbait balio indartu eta lau haizetara zabaldu ere: bizikidetza, justizia, elkartasuna, askatasuna…

Gazte Epaimahaikideak film labur guztiak aztertu beharko ditu, giza eskubideen gaineko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izanik. Epaimahaikide aritzeak Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko graduko ECTS (kreditu) bat eta Deustuko Unibertsitateko 2 ECTS lortzeko aukera ematen du.

IZEN-EMATEA

Izen-ematea online egin behar da eta epea 2017ko martxoaren 15ean amaituko da.

Epea amaiturik, martxoaren 16an zozketa egingo da eta momentu horretan izena eman duten guztiek, webgunean, Gazte Epaimahaian parte hartzeko aukera duten ala itxarote-zerrendan egongo diren ikusi ahal izango dute.

Webgunearen bitartez, pertsona bakoitzaren egoeraren kontsultak egiteko aukera izango dute uneoro. Baieztapenak web horren bidez egin beharko dira. Epaimahaiak gizonen eta emakumeen arteko ordezkaritza orekatua izango du.

GAZTE EPAIMAHAIA OSATZEKO BALDINTZAK

  • 18 eta 30 urte artekoa izatea Zinemaldia garatzen den unean.
  • Zinemaldia ofizialki hasi baino lehen, saio trinko batera joatea ezinbestekoa izango zaie. Egun horretan, lehian diren film labur gehienak proiektatu eta bozkatuko dira, hau da, 16:30etako eta 22:30etako saioetakoak. Parte hartzeko azalpenak ere emango dira eta behin betiko izena emateko unea izango da. Hau da, agertzerik ez duten pertsonek epaimahaikide izateko eskubidea galduko dute. Saioak, gutxi gorabehera, 3,5 orduko iraupena izango du (film laburren iraupenaren arabera).
  • Martxoaren 31tik apirilaren 6ra, Victoria Eugenia antzokian, 19:00etan izango diren saioetara agertu, lehiaketako film laburra eta luzea ikusi eta geroko solasaldian egotea ezinbesteko da. Saio bakoitzak 3 orduko iraupena izango du, gutxi gorabehera (film laburra, film luzea eta solasaldia). Saioaren amaieran, hautestontzia jarriko dute, film laburren botoak emateko. Derrigorrezkoa da bozkatzea eta izena jartzea.
  • Epaimahaikideek, gutxienik jota, 19:00etako saioen % 80ra joan beharko dute. Bestela, ez dute behean aipatzen diren ordainik jasoko, ezta zozketan parte hartuko edota hurrengo zinemaldietan epaimahaikide izango ere.
  • Zinemaldian bestelako jarduera osagarriak —hitzaldiak, tailerrak edo mahai inguruak— ere programatu daitezke, eta halakoak ere baliagarriak izan daitezke aukera libreko kreditu gehiago lortzeko.
  • Gazte Epaimahaiko kide moduan parte hartzeko konpromisoak oinarri hauek oso-osorik onartzea dakar.

EPAIMAHAIKIDEEN ESKUBIDEAK

  • Zinemaldiko antolatzaileek egindako diploma eta ziurtagiri bat jasotzea, egindako jarduera eta hartan emandako orduak adieraztekoa. Gerora, Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazioko graduko ikasleek eta Deustuko Unibertsitateko ikasleek beraien unibertsitateetan dagozkien ECTSen aitorpena eska dezakete.
  • Doan ikusi ahal izatea Giza Eskubideen 15. Zinemaldiko 19:00etako saio guztiak, eta 16:30etako eta 22:30etako saioetarako bina sarrera eskuratzea.
  • Donostiako Giza Eskubideen 15. Zinemaldiko katalogoa eta programa eskuratzea.
  • Bi abonu eskuratzea 2017ko Fantasiazko eta Beldurrezko 28. Zinema Asteak Victoria Eugenia Antzokian egingo dituen saioetarako.
  • Dajlango (Aljeria) errefuxiatu saharar kanpamentuan izango den 2018ko FISAHARAko, Saharako Zinemaldirako, bi bidaiaren zozketan parte hartzea. Zozketan aukeratutako kideek beraien bizipenen txostena egin beharko dute. Gainera, baimena eman beharko dute, horrela erabakitzen bada, Zinemaldiko eta Donostiako Udaleko webgunean argitaratu ahal izateko. Baita euren irudiaren argazkia jartzeko ere.