Zuzendaria: François Ozon
Urtea: 2016
Herrialdea: Frantzia
I. Mundu Gerra amaitu da. Alemaniako herri txiki batean, Anna (Paula Beer) egunero doa hilerrira, gerran bertan hildako bere bikotekidea gogoratzeko. Frantz Frantzian hil zen, bataila batean. Hilerrira doan egun batean, Adrienekin (Pierre Niney) egingo du topo, Frantzen hilobian loreak utziko dituen gazte frantses batekin. Elkar ezagutuko dute, baina herriko jendeak ez du Adrien begi onez ikusiko.
Gerrak ez dira inoiz amaitzen, ofizialki bukatutzat eman arren. Zauriak irekita geratzen dira betiko, atzera bueltarik ez dagoelako. Bada, gauzak horrela, zerbaiterako balio al du barkamena eskatzeak? Adrieni, behintzat, barruko mamuak lasaitzeko balioko dio, betiere barkatua izanez gero. Hain zuzen ere, helburu horrekin abiatuko da Frantziatik Alemaniara, kontzientzia alhadura akabatzeko. Bidean gerrak kolpatutako beste biktima batekin egingo du topo, Annarekin, eta “maitasuna gerra ostean posible ote da?” galderari erantzungo diote.
Sentimenduei buruzko film bat dela esango nuke, gorabeheraz beteta, bizitza bera bezala. Maitasuna, alhadura, tristura, esperantza, etsipena, ilusioa… zuritik beltzera, beltzetik zurira, egingo dugu jauzia behin baino gehiagotan. Hala, kolorea une zehatzetan soilik ikusiko dugu, modu literalean ere. Izan ere, pelikula zuri-beltzean egina dago ia bere osotasunean, kolorez tindatutako segundo batzuez salbu.
Formak ez ezik, pertsonaiek, elkarrizketek eta egoerek ere egingo dute berezi lana, gogoetarako une asko utziko baitizkigu. Eta hemen zuzendariaren ekarpena nabarmendu nahi nuke, gerra sentimenduen munduan arakatzeko aitzakia besterik ez baita izango. Jakina da gerrek ez dutela ezer onik ekartzen; hortaz, François Ozonek pelikula kokatzeko baino ez du erabiliko topikoa. Beste miseria batzuetara bideratuko du ikuslearen begirada eta, jolas horretan, gainera, hipotesiak egiteko aukera zabalduko du; Adrien eta bere familiari buruzkoak, kasu.
Paula Beer aktoreak Marcello Mastroianni saria jaso zuen Venezian, merezimendu osoz, eta Cesar sarietarako hamaika hautagaitza ditu filmak. Biribila da oso, Ozonen filmografia gehiena bezala. Donostian ondo ezagutzen dituzte zuzendariaren dohainak, Dans la maison filmarekin, Urrezko Maskorra eta gidoi onenaren Epaimahaiaren saria jaso baitzituen 2012. urtean, beste sari batzuen artean. Horren urrutira joan gabe, Zinemaldian proiektatu zuten Frantz pelikula bera joan den irailean, Perlak sailaren barruan. Orduan ikusi ez zuenak aukera ederra du orain, berandu izan baino lehen, etor daitezkeen kontzientzia alhadurak saihesteko edo.