Herrialde nordikoak, bost estatuz osaturiko eskualde geografikoa:  Danimarka, Finlandia, Islandia, Norvegia eta Suedia. Guztion artean topikoen zerrenda txiki bat osatuz gero,  bikingoak, edredoiak, fiordoak, Ikea, elur-oreinak, hezkuntza sistema inbidiagarria edo hotz ikaragarria bezalako kontzeptuak azalduko lirateke;  baina zer gertatzen da zazpigarren artearekin?

Pausoz pauso. Paul Schrader-ek 70. hamarkada hasieran Notes on film noir  idatzi zuenean, zinema beltza genero bezala kontsideratu zitekeen ala ez zalantzan jarriz zuen. Western-a ala komediak ez bezela, noir-a,  generoaren mugetan baino,  atmosfera ala estiloa bezalako terminoetan definitzen zela zioen.  Baina XXI.mendeko noir generoa, ez da Dashiell Hammett, Mickey Spillane ala Raymond Chandler bezalako detektibe istorioetan soilik oinarritzen. Erreleboa, aipaturiko Eskandinavia hotzetik etorri baita, Stieg Larsson, Jo Nesbo, Henning Mankell ala Camilla Läckberg bezalako egileetan oinarritzen diren istorioetatik.

Hasieran, bertako literatura bikaina eta iluna izan zen arren, ondoren sekulako kalitatea eta indarra zituzten istorioak kontatzen hasi ziren pantaila handiaren bitartez (baita telesailen bitartez urte batzuetatik hona; Borgen, Bron/Broen, Forbrydelsen…). Guztion begietatik idealizaturik daukagun gizarte horrek,  miseriak ere badauzkala nabarmentzen dituzten istorioak izaten dira batik bat. Krimenez beteriko drama bortitzak, beraien gizarteari begirada kritikoz josiak. Baina gaur egun Nordic Noir generoa bezala ezagutzen den horretan,  zeintzuk dira ezinbesteko izenburuak?

Aukeratu ditudan batzuk ez dira 100% azpigenero honen kideak,  baina bai printza txikiak dituzten ekoizpen bikainak, eta batez ere Schrader-ek zioen bezala, atmosfera ala estiloa bezalako terminoetan modu paregabean mugitzen diren izenburuak:

Hodejegerne

(Norvegia, 2011, Morten Tyldum)

Jo Nesbo idazlea ezagunaren izen bereko eleberrian oinarrituriko filma. Suspenseari bideraturiko hasiera batek, umore beltzez zipriztinduriko thriller bortitz bati emango dio jarraipena.  Protagonista nagusia, Roger Brown, emaztearekin batera, luxuz inguraturik bizi den “talentu ehiztari” harroputza.  Emakumeak susmatu ezin dezakeena ordea, bizitza maila altu hori mantentzeko, Roger-ek artelanak lapurtzen dituela da.

Hodejegerne-zinea-eus

Jagten (The Hunt)

(Danimarka, Thomas Vinterberg, 2012)

2012 urtean, Thomas Vinterberg zine zuzendari ezagunak, landa-eremuko drama moduko hau estreinatu zuen.  Hitchcock-ek berak aukeratuko lukeen “errudun faltsuaren” premisatik tiraz – inplikazio pedofiloekin kasu honetan -, izozturiko fabula intentsu honek,  zurrumurru funsgabeak eragin ditzakeen arriskuak zeintzuk diren erakutsi dizkigu.

Jagten-zinea-eus

Fasandræberne , Kvinden i buret  eta Flaskepost fra P trilogia

(Danimarka, Mikkel Nørgaard, Hans Petter Moland, 2013-2016,)

Jussi Adler-Olsen idazlearen liburu sortetan oinarritzen diren hiru film hauek,  trilogia moduko bat osatzen dute. Carl Mørck (Nikolaj Lie Kaas) eta Hafez al-Assad (Fares Fares) detektibeek kasu desberdinei aurre egin beharko diete. Pertsonaia berdinak, baina istorio desberdinak jorratzen dituzten kontakizunak.  Estetikoki oso indartsuak hirurak, David Fincher maisuaren ukituekin.  Nordic noir azpigeneroaren klixe guztiak aurkituko dituzue bertan (onerako ala txarrerako jakina) .

Fasandræberne-,-Kvinden-i-buret--eta-Flaskepost-fra-P-zinea-eus

Kongen av Bastøy

(Norvegia, Marius Holst, 2010)

Norvegia, 1915.  Kongen av Bastoy edo Deabruen Erregearen Uhartea, erreformatorio gogor bat zen nerabe zuzengaitzentzat. Urte hartako neguan, matxinada moduko bat gertatu zen arte. Film hau, gertaera horietan oinarritua dago.

Kongen-av-Bastøy-zinea-eus

Oslo, 31. August
(Norvegia, Joachim Trier, 2011)

Drama  gisa aurkeztuko nukeen arren, Joachim Trier-en lan honek, noir generoaren alderdi psikologikoenetatik ere edaten du nire iritziz. Kontakizunaren erdigunean, Anders kokatzen da.  Drogamenpekotasunetik sendatzeko lehengoratze egitaraua laster amaituko duen mutila da.
Bere sendabidearen atal bezala, goiz batean hirira joatea baimentzen diote lan elkarrizketa bat burutzera. Baimen hau aprobetxatuz,  hirian zehar aspalditik ikusten ez zituen lagunekin aurkitzen da.

Oslo,-31-zinea-eus

Män som hatar kvinnor
(Suedia, Niels Arden Oplev, 2009…)

Aitortu beharra daukat zerrenda osotik kaxkarrenak iruditzen zaizkidan filmak direla. Baina Nordic Noir generoaz ari banaiz, Stieg Larsson,  Lisbeth Salander eta Millenium ez aipatzea delitua izango litzateke, ez?

Män-som-hatar-kvinnor-zinea-eus

Låt den rätte komma in

(Suedia, Tomas Alfredson, 2008)

Beldur ukituak dituen ekoizpen honek, eskolan erasoak jasaten dituen 12 urteko umearen istorioa kontatuko digu. Bere bizilagun berri eta misteriotsua ezagutzen duen momentuan ordea, bere bizitzak norabide berri bat hartuko du. Berezkoa duen erritmo motel eta izoztu horrek istorio desberdin, original eta zoragarri batean bilakatzen duten arte.

Låt-den-rätte-komma-in-zinea-eus

Submarine

(Danimarka, Thomas Vinterberg, 2010)

Ezbehar familiar baten ondorioz txikitan banandu zituzten bi anai, haurtzaro ilun eta triste horren ondorio eta traumak jasaten ari dira oraindik gaur egun. Nick-en bizitza,  alkohola eta indarkeriaren bideetatik; anai txikiarena aldiz, aita ezkongabea izanik, semeari ahalik eta bizitza onena eskaintzeko eguneroko borrokan.

submarine-zinea-eus

Elsker dig for evigt

(Danimarka, Susanne Bier, 2002)

2002 urtean Donostiako Zinemaldian sail ofizialean lehiatu zen filma. Dogma mugimenduaren barnean sartu litekeen arren, (Dogma 95 Lars von Trier, Thomas Vinterberg, Kristian Levring eta Soren Kragh-Jacobsen zuzendariek 1995an sortutako zinema mugimendua da. Zinemagile talde honen helburua pelikula ahalik eta sinpleenak egitea da, hau da, postprodukzioan aldaketarik ez duten eta beste ezeren aurretik garapen dramatikoa jartzen duten pelikulak egitea), thriller ukituak ere badituela uste dut.  Cècile (Sonja Richter) eta Joachim (Nikolaj Lie Kaas) ezkontzeko zorian daude, baina dena apurtuta geratuko da Joachim-ek istripua izan eta tetraplegiko geratu delako.

Elsker-dig-for-evigt-zinea-eus

Brødre (Brothers)

(Danimarka, Susanne Bier, 2004)

Michael-ek beti amesturiko bizitza duela uste du: karrera militar arrakastatsua, maite duen emaztea eta bi alaba. Jannik,  bere anaia gaztea aldiz,  bizitzan zabuka, beti legearen marra gainditzeko zorian.  Michael,  Nazio Batuen mandatu batean Afganistanera bidaltzen dutenean ordea, anaien arteko harremana zeharo aldatuko da.

brodre02-zinea-eus

Ondskan

(Suedia,  Mikael Håfström, 2003)

Mikael Hafström zuzendari suediarrak zuzendutako  film  deseroso eta bortitza.  2003 urteko Oscar sarietan, atzerriko film onenaren izendapena lortu zuen film honek, 16 urteko Erik du protagonista, portaera bortitza dela eta eskolatik bota duten gaztea. Amak, bigarren aukera emateko asmoz, eskola pribatu esklusibo batean sartuko du, baina bertan ikasle zaharragoen “agintaritza” krudela ezagutuko du.

Ondskan-zinea-eus

Lilja 4-ever

( Suedia, Lukas Moodysson, 2002)

Barrenak mugitzen dizkizun kontakizun ikaragarria, latza eta gogorra.  16 urteko Lilja dugu protagonista nagusia. Haren lagun bakarra,  Volodja izeneko haurra da. Estoniako herri txiki eta pobre batean bizi dira bizitza hobearekin ametsetan.

Lilja-4-ever-zinea-eus