Agurtzan Intxaurraga (Orozko, 1966). Jaiotzaz bizkaitarra, eta profesional moduan, donostiarra. Arte eszenikoa da bere gune naturala, baina oraingoan animazio zuzendari modura datorkigu, Teresa eta Galtzagorri filmarekin. Dibulitoon ekoizpen etxearen lana 2017ko Goya sarirako hautagaia da, animaziozko film onenaren kategorian.
Hezur-haragizko pertsonak zuzentzen ohituago dago, urteak baitaramatza Hika Teatroko sortzaile eta kide izaten, besteak beste, baina oraingoan marrazkiekin egin behar izan du lan. “Aktoreekin aldaketak egiten joan zaitezke, etengabe zuzentzen, hobetzeko”. Animazioan, aldiz, hasieratik oso garbi eduki behar izan du ideia nagusia, gerora aldaketa gutxi egiteko aukera zuelako. Lan egiteko modu berrira egokitzea izan da Intxaurragaren erronka nagusia.
Goya sarirako hautagaitzari dagokionez, nahiago du egunez egun lan egin, hankak lurrean edukita, eta eguna iristen denean, disfrutatu. “Hautagaitzak filmari bultzadatxoa ematea espero dut, filma otsailaren 3an estreinatuko baita, sari-banaketa ekitaldia baino egun bat lehenago”. Bigarren atal bat egiteko asmotan dabiltzala gaineratu du, halaber. Segidan elkarrizketaren laburpena: