Hona hemen bihar, urtarrilak 27, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatuko diren filmak.
Lion
Garth Davis zuzendariak orain arte telesailak egin dituen arren, indar handiz dator bere lehen filma. Jaialdi ospetsu ezberdinetan proposamen ugari jaso ditu; horien artean, Oscarrak, Urrezko Globoak, BAFTA Sariak… eta Torontoko Jaialdian Film Onenaren Saria. Aktoreen artean, Nicole Kidman dugu.
Filmeko protagonista, Saroo Brerley, bost urte besterik ez zituela Kalkutako kaleetan galdu zen, bere etxetik milaka kilometrotara. Bidai luze baten ondoren, bikote australiar batek hartuko du etxean. 25 urte beranduago, Google Earth aplikazioaren laguntzarekin, Saroo bere familia biologikoa aurkitzen saiatuko da.
Ballerina
Zineuskadi elkarteak duen Zinema Euskaraz programari esker, euskaratuta ikusteko aukera izango dugu animaziozko film frantsesa. Felicia Bretainian bizi den umezurtza da. Bere pasioa dantza izanik, dantzari profesional bilakatzea du amets. Bere lagun Victorren laguntzarekin 1879ko Parisera joango da. Bertan beste pertsona batetaz pasako da, Grand Opera House akademian sartu eta bere ametsa bete ahal izateko.
Live By Night (Vivir de noche)
Ben Affleck, Argo filmarekin oskarra irabazi zuena, Dennis Lehaneren best sellerrean oinarritu da filma sortzeko. Kasu honetan, lan hirukoitza egin du ibilbide oparoa duen aktoreak; nobela gidoira adaptatzea, zuzendariarena eta aktorearena. Filmeko produktorea berriz, Leonardo DiCaprio da.
Thriller dramatikoa, debekuaren legearen garaian kokatzen da. Garai honetan alkohola edatea debekatuta zegoen. Krimen antolatuaren munduan sartuko den gizon baten inguruan doa filma.
Split (Múltiple)
Thriller beldurgarri honetan, Kevinek (James McAvoy) 23 identitate ezberdin ditu. Hala ere, azken identitate bat oraindik azaleratu gabe dauka. Hiru neska gazte bahituko ditu. Hauek ahal duten guztia egingo dute ihes egiteko, Kevinen azken identitate beldurgarri hori atera baino lehen.
Before I Wake (Somnia. Dentro de tus sueños)
Mike Flanagan zuzendariak oraingo honetan ere naturaz gaindiko gaia landu du, bere aurreko filmeetan bezala. Sitgeseko Jaialdian Sail Ofizialean lehiatu zen.
Jessiek eta Markek Cody haurra adoptatzea erabakitzen dute. Codyri lo egiteak beldur ikaragarria ematen dio. Hasiera batean, beldurra bere iragan traumatikoagatik dela pentsatzen dute. Baina egia beste bat dela konturatuko dira: Codyren amets beldurgarriak errealitatean proiektatzen dira. Familia salbatzeko, Jessie eta Mark bikoteak haurraren ametsen mundua azaleratu beharko dute.