paterson-3-zinea-eusIzenburua: Paterson

Zuzendaria: Jim Jarmusch

Urtea: 2016

Herrialdea: AEB

Paterson (Adam Drive) autobus gidaria da lanbidez, bere izen bera duen herrian. Laura bikotekidearekin (Golshifteh Farahani) bizi da, elkar maite dute, eta errutina beraren bueltan igaro ohi du bizitza. Hain zuzen ere, Paterson iratzargailurik gabe esnatzen da egunero, zerealak gosaltzen ditu, lanera joateko bide bera hartzen du, autobusarekin joan-etorri finko bat osatzen du lan orduetan eta gauero, zakurra paseoan ateratzen duenean, garagardo bat hartzen du ohiko tabernan. Honen guztiaren erdigunean, poesia dago. Idazteko zaletasun handia du, eta egunerokoak iradoki ohi diona islatzen du berarekin daraman libretan. Filmak Patersonen bizitzaren aste bat kontatuko digu.

Anafora eta epifora poesian erabili ohi diren bi figura erretoriko dira, eta hasieran eta bukaeran errepikatzen diren hitzak dituzte ardatz, hurrenez hurren. Bada, hasiera eta bukaera ez ezik, egunaren erdia ere modu berean bizi ohi du Patersonek egunero. Egun guztiek antzekotasun handia dute beretzat, Marmotaren Eguna bailiran. Groundhog Day (Harold Ramis, 1993) pelikulan, baina, Phil (Bill Murray) denboran harrapatuta dago; Jim Jarmusch zuzendariren proposamenean, berriz, Patersonek ez luke ezer aldatuko. Aske sentitzen da, egunerokoaren sinpletasunarekin gozatzen. Poesia baliatuko du egun bakoitzari eduki desberdin bat emateko, lerro desberdin batzuk eskaintzeko, eta horrekin zoriontsu da. Zertarako gehiago?

Galdera horrek erantzun desberdin bat izango luke, ikusleari eginez gero. Argi geratu zait Patersonek ez duela ezer gehiago behar gustura sentitzeko, baina Ohioko zuzendaria jakitun al da ikusle asko ez dituela asebete? Ez dut uste dakienik, filmak jaso dituen gehiegizko laudorioak irakurri ostean.

Maisu-lana dela diote zenbait kritikarik, eta Cannesko iazko zinema jaialdian harrera ona izan zuela jakin dut. Erreferentzia hauekin guztiekin, gogotsu hurbildu nintzen zinema aretora. Pelikula ikusi eta gero, ordea, desengainu galanta hartu dudala esan dezaket. Ez nuke gomendatuko, pelikularen egitura eta ideia interesgarriak direla aitortu arren. Arazoa da ez dagoela besterik, ez dela ezer gertatzen. Ni, behintzat, ez naiz ohartu.paterson-2-zinea-eus

Zer edo zer salbatzekotan, Golshifteh Farahani irandarraren interpretazioa izango litzateke. Laurak zuri-beltza maite du, gailetak sukaldatzen ditu eta, egun batetik bestera, gitarra hartu eta country abeslaria izan nahi du. Berak ekarriko du irribarrea etxera, eta Patersonen inspirazio iturri bilakatuko da. Errutinaren ardatzetako bat da. Bera gabe, istorioak ez luke zentzurik izango, zentzurik badu. Adam Drivek ere lan txukuna egingo du, oso zaila izan behar duelako ezer gertatzen ez den pelikula batean sinesgarri izatea, eta berak lortuko du.

Lokalizazioari dagokionez, Paterson New Jerseyn dago, eta herri honi begi-keinua egingo dio Jarmuschek; bertako seme Lou Costello aktorea eta Paterson obraren idazle William Carlos Williams aipatuta, besteak beste. Zuzendariak halako lizentziak hartu ditu Paterson herria omentzeko. Ez galdetu zergatik egin ote duen, arakatzeko grinarik ere ez baitzait piztu, pelikula ikusten zeharo aspertu eta gero. Esperientzia hau ahalik eta azkarren ahaztea besterik ez dut nahi, eta nire errutinara bueltatu, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Antza, neuk ere Paterson bat dut barruan.