Iratxe Fresneda EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio departamentuko irakaslea eta kazetaria da. Iragan Donostia Zinemaldian Irrintziaren oihartzuna bere lehen dokumentala aurkeztu zuen, Zinemira sailean. Mirentxu Loyarte zinegilearen figuraren eta ekoizpenaren inguruko lana da.

EHUko bere bulegoan hartu gaitu Fresnedak, eta belaunaldi berrien inguruan galdetutakoan, “oso indartsu” datozela baieztatu digu: “Oso prestatuta daude, nabari da harreman natural bat dutela teknikarekin”. 

Berak ere jakin-mina izan du beti ikus-entzunezkoekiko. “Mirentxu Loyartek egindako zinemagintza lan oparo, esperimental eta berezia ikusgarri egin nahi nuen, arantza bat bainuen azalean”. Hainbat urtetako lana izan da, baina “jolas moduan planteatu izan dut batzuetan, soinu eta irudiaren arteko elkarrizketa garatuz”. Azken emaitza, beraz, “ez da biopic bat, ezta kazetaritza erreportaje bat ere… Elkarrizketa eta elkar-ekintza egiten dituen ikus-entzunezko artefaktu bat baizik”. 

Irrintziaren oihartzuna dokumentalak oso kritika onak jaso zituen 64. Donostia Zinemaldian, eta nazioarteko hainbat jaialditan proiektatu dute azken hileetan.

Segidan duzue Fresnedari egindako elkarrizketaren labur-bideoa: