Toni Erdmann 

Sari ugari jaso ditu Maren Ade alemaniarraren filmak, hala nola, Cannesko Fipresici Saria eta Europar Zinemaren Sarietako film, zuzendari, gidoilari, emakumezko aktore eta gizonezko aktore onenen garaikurrak. Filmeko protagonistak, Inesek, Bucaresteko enpresa handi batentzat lan egingo du. Dena ondo joango zaio, aitak zoriontsua ote den galdetuko dion arte. Komedia eta drama uztartzen dituen filmean, bereziki, aktore alemaniarrek hartu dute parte.

Callback

Zinemetan dugu Carles Torras zuzendari katalanaren lan berria: Callback. Thriller psikologikoa, New Yorkeko kaleetan errodatu zen. Torrasen laugarren luzea da, Open 24h (2004), Trash (2009) eta Jóvenes, una huida a ninguna parte (2011) lanen ostean. Larry (Martin Bacigalupo) kristau ebanjelari sutsuak etxe-aldaketen sektorean egingo du lan, bere ametsa iragarkietako aktorea izatea den arren. Eguneroko errutina aspergarria zaio, baita nagusiarekin izango dituen eztabaidak ere, eta bitartean castingetara aurkezten jarraituko du. Alexandra (Lilli Stein) ezagutuko duenean, ordea, zoria aldatuko zaio.

Loving

2016. urtean nominazio ugari jaso ditu Jeff Nichlos estatu batuarraren filmak, horien artean, Urrezko Globoetan bi protagonistek (Joel Edgerton eta Ruth Negga) drama-aktore onenaren nominazioa jaso zuten. Filmean, arraza ezberdineko senar-emazteek  beraien kondizioagatik legearen aurrean izango dituzten borrokak erretratatuko dira. 1958. urtean kokatuko da, Virginiako estatuan. Ezkondu eta batera bizitzen jarriko dira baina horren ostean kartzelaratu eta erbesteratu egingo dute gizona. Hamarkada batez bikoteak beren eskubideengatik borrokatuko du.

Hidden Figures (Figuras ocultas)

Aurreko filmaren moduan, hau ere 60. hamarkan kokatzen da. Garai horretan espazioko norgehiagoka handia zeukaten estatu batuarrek errusiarrekin eta arraza beltzekoak beren eskubideen alde borrokan ari ziren. Ezkutuan egon den istorioa kontatuko digu Theodore Melfi zuzendariak; jatorri afroamerikarreko hiru zientzia-emakumek NASAn lan egin zutenekoa. 2016 urtean, 6 nominazio jaso ditu, gidoi adaptatu onenarenak eta aktore onenarenak nagusituz.

?????? (Shin Godzilla) 

Japoniatik datorren zientzia fikziozko filma. Godzilla, gizakiarentzat mehatxua den munstroa gaur egungo Tokioko kaleetan agertuko da, zibilizazioa erasotzeko asmoz. Hondamendi naturala jasan berri duen herrialdea Godzillak erasotuko du oraingoan. Egoerari aurre egiteko modua aurkitu beharko du Japoniak.

Blinky Bill the Movie (Blinky Bill, el koala)

Australiatik aldiz, Blinky Bill koalaren abenturen inguruko filma heldu zaigu. Lau zuzendari ditu filmak: Deane Taylor, Noel Cleary, Alexs Stadermann eta Alex Weight. Gure koala Blinky protagonistak bere aitaren pausuak jarraitu nahiko ditu, Green Patch hiria atzean utziz. Aita desagertuta dago baina Blinky konbentzituta dago oraindik bizirik daukala. 

The Light Between Oceans (La luz entre los océanos)

Estatu Batuak, Zeelanda Berria eta Erresuma Batuko koprodukzioa da honakoa. 1926ko Australian kokatuko da. Irla txiki batean txalupa bat agertuko da. Tom Sherbourne eta bere emazte Isabel farozainak txalupa begiratzera joango dira eta ezustekoa eramango dute: gizon baten gorpua dago, haur jaioberri bat aldamenean duela, negar bizian. Bikoteak haurra bere egitea erabakiko dute, inori ezer esan gabe. Baina urte batzuk pasa ondoren dena konplikatuko da, haurraren ama biologikoa bizirik dagoela jakiten dutenean. 

Los del túnel 

Camera café telesaileko gidoilariek sortu duten komedia espainiarra dugu hau. Zuzendaria Pepón Montero da eta Arturo Valls eta Natalia de Molina daude aktoreen artean besteak beste. Pertsona talde bat tunel batean harrapatuta gelditzen da hamabost egunez. Ezbeharrari aurre egitea lortuko dute eta ospatzeko, ostiralero afari bat egingo dute. Baina taldeak bere bizitzarekin aurrera jarraitu beharko du, eta ez da hain erraza izango. 

xXx: Return of Xander Cage (xXx: Reactivado)

Xander Cage hiltzat emango dute istripu baten ondoren. Baina Augustus Gibbonsekin batera akziora pasako da isilpean, misio bat betetzeko. D.J Caruso zuzendariaren akziozko filma.