Zuzendaria: Damien Chazelle
Urtea: 2016
Herrialdea: AEB
Miak (Emma Stone) kafetegi batean egiten du lan, zinema munduko izarretatik gertu. Casting guztietan aurkezten du bere burua, aktore entzutetsu izatea baitu amets. Sebastian (Ryan Gosling) pianista trebe bat da, eta jazz doinuekin maiteminduta dago. Bere kasuan klub bat irekitzearekin egiten du amets, han eta hemen lanean ibiltzen den bitartean. Ametsak amets, Miak eta Sebastianek elkar topatuko dute, eta maitasuna sortuko da bien artean.
“Non gaude?”, galdetu dio Miak Sebastiani, euren arteko maitasun erlazioa inflexio puntu batean dagoenean. Bada, galdera bera egin diot nik zinemari, gure arteko harremana ulertu nahian. Erantzunaren zain nago oraindik, baina baliteke kritika hau amaitzerakoan gauzak argiago izatea.
Musikalak gorroto ditut, film erromantikoak ez ditut bereziki maite eta sari mordoa irabazi berri duten pelikulak ez ditut beroan ikusten, nahiago izan ohi dut denbora pasatzen utzi ilara itogarrietan trabatuta geratzea baino. Hala ere, La La Land ikustera joatea erabaki nuen, eta, sarrerak agortu zirela jakiteak nire erresistentziak areagotu bazituen ere, eserlekuan eseri nintzen azkenean, zintzo-zintzo. Orduan gertatu zen, eta ezusteak aretoaren iluntasuna argitu zuen.
Ez dut esango Miak eta Sebastianek dantzatzeko grina piztu zidatenik, nahiz eta, ikusitakoak ikusita, hori ere noizbait gertatzea ez dudan baztertzen. Baina aitortuko dut maitatzeko gogoa berpiztu zitzaidala bikote protagonistaren arteko konexioa horren gertu sentitu eta gero. Bat-batean, musikala ez zitzaidan hain musikala iruditu eta istorio erromantikoak, bere izaera mantendu arren, zirrara eragin zidan, ustekabean. Hain zuzen ere, Damien Cazelle zuzendariak adiskidetu nau generoarekin, eta mirari horrek, zazpi Urrezko Globo ez ezik, Urrezko Danborra ere merezi beharko luke. Egia esan, Donostiako sari preziatua eskuetatik kendu dioten hautagaiari ematea baino koherentzia gehiago izango luke, Los Angeles ere postal ederra baita. Eta ez bada, are eta meritu handiagoa emango diogu pelikularen argazki, kamera mugimendu, argitasun eta kolore biziei. Bistan da izarren hiriari omenaldia egin nahi izan diola Chazellek, baina baita benetako maitasunari ere. Horixe da Miak eta Sebastianek biziko duten amets liluragarriena, bakoitzaren ilusio pertsonalen gainetik.
Emma Stonek eta Ryan Goslingek sinesgarri egingo dute istorioa, Crazy, Stupid, Love filmean (Glenn Ficarra eta John Requa, 2011) egin bezala. Kimika darie, eta sugarrek pantaila handia zeharkatuko dute, ikuslea harrapatzeraino. “Popatik hartzera joan daitezela!”, errepikatuko du Sebastianek, Miarekin jositako burbuilatik kanpo gerta daitekeenari garrantzia kentzeko. Bada, esaldi hori hartu dut mailegutzat, kritika hau pinpirinegia ote den zalantza piztu zaidanean.
Orduan, non gaude? La La Land filmak erakutsi dit aurreiritziek ez dutela tarterik harreman osasuntsuetan, eta horixe da zinema eta bion artean eraiki beharko genukeen istorioa, gorrotoa eta maitasuna gisako binomio kaltegarriak atzean utzita. Hortaz, jarrai dezagun gozatzen, elkar maitatu eta amets egin dezagun; errutina saihesteko beste ate bat ireki dugula jakinda, gainera.