Aitor Arregi eta Jon Garañok zuzendutako filma azken pausuak ematen ari da zine aretoetara iristeko. Orain bukaerako fasean murgilduta daude. Lan handia egiten ari dira postprodukzio eta batez ere, efektu digitalekin. Udan iritsiko da zinema aretoetara.

aundiyaDuela 200 urte Altzon jaio zen erraldoia berpiztuko dute filmean. Lehenengo gerra karlistaren urteak hartzen ditu bere baitan kontakizunak. Pertsonaia bitxi honek 2 metro eta 42 zentimetroko altuera, 212 kilo, 30 zentimetroko eskularruak eta 56 zenbakiko zapatak zituen. Akromegalia deitutako gaitzak jota, Migel Joakin Eleizegi Arteaga, etengabe hazi zen.

Filmeko pertsonaia erreala da baina batzuk pertsonaia mitologikoa ote den galdetzen dute gaur egun. Hori dela eta, pertsonaia bi ezaugarri horien artean jarriz jokatu dute zuzendariek. Errealitatearekin eta kondairarekin jolasteko aukera eman die horrela. Ez dago informazio asko Aundiyaren inguruan eta jendeak emandako datuekin ere informatu dira.

Lau izan dira gidoilariak: Aitor Arregi, Jon Garaño, Andoni de Carlos eta Joxe Mari Goenaga. Migel Joakin erraldoiari aurpegia jarriko diona, Eneko Sagardoy aktorea izango da. Madril, Paris eta Londresko kaleak sorberritzeko, 30 lokalizazio baino gehiago erabili dituzte. Filmaketa ez zen batere erosoa izan.

Behin betiko izenburua oraindik erabaki ez dutela, postprodukzio lanean murgilduta daude. Efektu bereziekin lan handia dago. Aitor Arregiren hitzetan, efektu berezien helburua horrelakorik erabili ez dela antzematea da eta arazo nagusietako bat erraldoiaren errepresentazioa izan da. Jakina den moduan, ez da euskal aktorerik Aundiya pertsonaiaren tamaina duenik. Horretarako, trikimailu ezberdinak erabili dituzte: kameraren posizioa, dobleak erabiltzea eta gehienetan digitalki handitzea. Batzuetan, hiru gauzen nahasketa erabili dute. Plano bakoitzak zerbait ezberdina eskatzen zuen.