Atzo, urtarrilak 16, hasi zen Baztango Euskal Nobela Beltzaren astea. Hilaren 22rarte luzatuko da eta genero horri lotutako solasaldi eta aurkezpenak izango dira besteak beste. Egitarau zabala antolatu dute.

Letretatik ikus-entzunezkotara ere pasako dira. Euskal Harriaren ABDak film labur sorta proiektatuko dute Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, urtarrilaren 20an, arratsaldeko 19:00etan. Film horietan parte hartu zuten hiru egile izango dira bertan: Ane Urkiola, Beñat Iturriotz eta Santi Leoné.

Euskal Harriaren ABDak zinegile profesionalek, amateurrek eta lehen aldiz kamera bat hartu eta labur bat grabatzeko abenturan murgildu direnek osatzen dute. 2014ko udan euskal alfabetoko 26 hizkietako bat egokitu zitzaion norbanako edo talde bakoitzari. Hizki horietatik abiatuta beldur, zientzia fikzio edo fantasiazko film labur bat egiteko eskatu zitzaien.

7 probintzietako zinegileek hartu zuten parte.  Hiru baldintza bete behar zituzten; laburrak euskaraz grabatzea, euskal elementuetan oinarrituak egotea eta goitik behera, Euskal Herrian ekoiztuak izatea.