Danny Garciaren ekoizpen espainiarrak eraman du aurtengo Dock of the Bay Musika Dokumental Onenaren Saria. Jaialdiko zuzendari den Eva Riverak eman zion 2.000 euroko saria Danny Garcia zuzendariari.  

dock-kartelaLarunbat gauean, urtarrilak 14, izan zen sari banaketa Donostiako Antzoki Zaharrean. Estrella Vallejok egin zituen aurkezle lanak eta argi geratu da Sex Pistolseko baxu-jotzailearen historia lazgarriak, Sid Viciousen eta bere neskalagun Nancy Spungenen historiak, oraindik interesa pizten dutela.

Epaimahaia honako hauek osatu zuten: programatzaile eta zinegile den Alejando Diazek, idazle eta historialari den Felipe Cabrerizok eta zinegile diren Kikol Grau, Leire Apellaniz eta Virginia García del Pinok. Sad Vacation filma rock musikaren mito hedatuari beste begirada bat emateko gai den ongi dokumentatutako narrazioa dela azpimarratu dute epaimahaikideek. Eta dokumentalaren mugak gainditu dituela, thriller joskera emanez argudio nagusiari.

Saritutako filmak honako galdera hauek luzatzen ditu: zer gertatu zen 1978ko urriaren 12an Chelseako Hotelean? Sid Viciousek hil al zuen benetan, labankadaz, Nancy Spungen? Ordu eta erdi baino zerbait gehiago irauten duen film honetan hilabete batzuk beranduago Sid Vicious gaindosiagatik heriotzara eraman zuen zoritxarreko gertakariari erantzunak bilatzen saiatuko da Danny Garcia zuzendaria.

Sari nagusiaz gain, beste hiru sari ere banatu ziren. Bata, José Villalobosen El charro Toluquillari, epaimahaiaren aipamen bereziarekin, istorio tragikoari umore puntua emateagatik eta filmeko pertsonaia bitxiari zuku guztia ateratzeagatik. Filmak Jaime García Domínguez abeslari mariachiaren bizitza kontatuko digu.

Bestea, 1.000 euroko Sade Saria, Donostiako zinemen enpresak banatzen duena, Geometría del Esplendorri eman zioten; jaialdiko film abangoardista eta ausartena, beraien hitzetan. Komertziala ez den talde bat aditzera emateagatik eta dokumentaleko hizkera taldeari egokitua egoteagatik eman diote saria José Ramón da Cruz zuzendariari. Sadeko kudeatzaile den Koro Odriozolak filmeko ekoizle Ibai Mikelajauregiri eman zion saria. Filmak Esplendor Geométrico taldeari eta 80ko hamarkadako Madrilgo mugimenduari buruz hitz egingo digu.

Hirugarrena, Gipuzkoako Foru Diputazioarena, When the Earth Seems to Be Light ekoizpen georgiar-alemaniarrari eman diote. Filmak askatasunezko espazioen eta balio unibertsalen erantzunen beharra azpimarratzen du eta garaiko Georgia sobietarreko patinatzaile gazte, artista eta musikarien begiradatik kontatuta dago. Protagonistek dena zalantzan jarriko dute, munduan beren lekua aurkitu nahian.