Donostiako Zinemaldiak bere 65. ediziorako kartel lehiaketa antolatu du. Zinemaldiak dituen ohiko bost sailetarako aukeratuko dira kartelak: Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Perlak, Zabaltegi-Tabakalera eta Culinary Zinema. Sail Ofizialeko kartelerako aldiz, parte-hartzera gonbidatuta dauden hamar diseinu-estudio lehiatuko dira. Hauen artean lehengo urteko irabazlea dago. 

Onlineko lehiaketa disenatzaile guztiei irekita dago, eta herritarrek kartelik gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute. Ondoren, epaimahai batek sail bakoitzeko irabazlea hautatuko du boto gehien jaso dituztenen artean. Sail bakoitzean 20 afixaren artean egingo da aukeraketa, boto gehien jaso dituzten 10 proposamenekin, eta beste 10, zinemaldiak berak aukeratutakoekin. Era berean, gustukoen duten kartelaren alde botoa eman duten guztien artean sariak zozketatuko dira. Lehiaketara aurkezteko zein botoa emateko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Zinemaldiak proposamenen originaltasunari erreparatuko dio bereziki, baita diseinuari, konposizioari eta kartelek sortzen duten begi-inpaktuari ere. Parte-hartzaileek sail bakarrera edo guztietara aurkezteko aukera izango dute eta nahi beste kartel kopuru bidali ahal izango dira lehiaketara.

irabazleak-zinea-eus

Aurreko edizioetan bezala, jaialdiaren atari ofizialean gune espezifiko bat egongo da. Guneak partaidetza bultzatu eta lehiaketaren kudeaketa ahalbidetuko du, eta fase hauetako bakoitzaren garapena gertutik jarraitu ahal izango da:

  • Izen ematea eta proposamenak aurkeztea: urtarrilaren 13tik otsailaren 20ra.
  • Publikoaren bozketa: otsailaren 22tik martxoaren 8ra.
  • Finalisten jakinarazpena: martxoak 10.
  • Epaimahaiaren deliberazioa eta irabazleari edo irabazleei jakinaraztea: martxoak 14.
  • Kartel irabazleen jakinarazpen publikoa: maiatzak 5, Zinemaldiak antolatuko duen prentsaurrekoan. Bertan, saritutako lan guztiak aurkeztuko zaizkie komunikabideei.
  • Kartel irabazleen aldeko botoa eman dutenen arteko sari-zozketa: maiatzak 9.

Sariak honako hauek izango dira:

  •  Kartel irabazleen egileei: Lehiaketaren irabazleak edo irabazleek 1.000 euro garbi jasoko dituzte karteleko eta sail bakoitzeko kasuan.
  • Bozketan parte hartzen duten herritarrei: Botoa emanez parte hartu duten herritar guztien artean, bost sari banatuko dira (bat sail bakoitzeko). Sariok honakoak izango dira: 10 emanaldirako abonamendu bat eta Zinemaldiaren 65. edizioko argitalpen sorta bat.