La La Land (La ciudad de las estrellas)

Damien Chazelle (Whiplash) zinegile gaztearen hirugarren luzea da, joan zen asteko Urrezko Globoetan zazpi garaikur eskuratu dituen lana. Emma Stonek eta Ryan Goslingek aktore izan nahi duen Mia ameslariaren eta jazz musikari Sebastiánen arteko maitasun harremanari forma eman diote. Ametsak eta bihotzak suntsitzeagatik ezaguna den Los Angeles hirian euren asmoak betetzen ahaleginduko dira bi gazteak.

ORM Elurretako Erresuman

Annecyko jaialdian aurkeztu zuten iaz Aleksey Tsitsilin errusiarraren animaziozko filma, Snow Queen sagako bigarrena, eta Zineuskadi elkarteak 2017an euskaraz estreinatuko duen lehena izango da. Elurretako Erregina garaitu ostean, trollak zoriontsu daude. Orm heroi bihurtu da, baina horrekin nahikoa ez eta gertaerak pixka bat eraldatuko ditu, meritu guztia berea izan zela erakutsiz. Baina, noraino helduko dira trollaren gezurrak? Filma Durango (Zugaza), Bilbo (Multis), Getxo (Zinema), Gasteiz (Yelmo Boulevard), Barakaldo (Yelmo Megapark eta Cinesa Max Ocio), Portugalete (Dock), Eibar (Coliseo), Errenteria (Niessen) eta Donostiako (Printzipe) zinemetan izango da ikusgai.

https://youtu.be/mF6W8pU1JGM

La tortue rouge (La tortuga roja)

Cannesko zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Michael Dudok de Wit-en animaziozko lehen film luzeak. Iragan Donostia Zinemaldian ere ikusgai izan genuen hutsik dagoen uharte tropikal batera helduko den naufragoaren istorio mutua. Bertan biziko dituen esperientzietatik abiatuta, gizakion bizitzako etapa nagusiak azertuko ditu ekoizpenak. Frantziako Why Not Productions eta Wild Bunch ekoizpen etxeen eta Japoniako Ghibli Studio ezagunaren artean ekoitzitako filma.

The Autopsy of Jane Doe (La autopsia de Jane Doe)

André Ovredalen berrienak, ostera, beldurrezko generoan murgilduko gaitu, herri txiki bateko ehorztetxe batean lan egiten duen gizonari buruzko istorioa kontatzeko. Egun batean heriotza arrazoi argirik ez duen neska gazte baten hilotza jasoko du. Filmak iragan Sitgesko jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen, eta besteak beste, Emile Hirsch, Brian Cox, Ophelia Lovibond eta Michael McElhatton aktoreek hartu dute parte proiektuan.

Proyecto Lázaro

Eta Sitgesko jaialditik gehiegi urrundu gabe, hona iragan edizioan aurkeztu zuten beste proposamen bat: Mateo Gil zuzendari espainiarraren Proyecto Lázaro. Filmak 2084ra eramango gaitu. Gaitz larri bat tarteko, sendagileek urtebeteko bizialdia eman zioten Marci (Tom Hughes), eta heriotzari aurre egin ezinik, gorputza izoztea erabaki zuen 2024an. 60 geroago esnatuko da, historian berpiztutako lehen gizona bilakatzeko. Orduan jakingo du maitale Naomi (Oona Chaplin) berarekin egon dela urte horietan guztietan, espero ez zuen moduan.

Why Him? (¿Tenía que ser él?)

Bryan Cranston aktore ezaguna Ned aitaginarreba ipurterrearen azalean sartuko da John Hamburgen komedia berrian. Izan ere, bere alaba maite eta zintzoa Silicon Valleyko Laird Mayhew (James Franco) ezohiko gazte aberatsarekin maiteminduko da, eta Nedek ez du alabaren erabakia ulertuko.

Underworld: Blood Wars (Underworld: Guerras de sangre)

Fantasia, beldurra eta akzioa uztartzen dituen thrillerra, Underworld sagako bosgarren film luzea. Oraingoan, baina, Anna Foerster estatubatuarrak gidatu ditu Selene (Kate Beckinsale) banpiroaren abenturak. Atal berrian Lycans klanaren eta traizionatu zuten banpiroen aurka borrokatu beharko du David (Theo James) eta Thomas aita (Charles Dance) lagun dituela.