Gasteizko Montehermoso Kulturuneak eta Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak Giza eskubideak eta sorkuntza artistikoa deialdia kaleratzen dute urtero, Gasteizko Udalarekin harreman zuzena duten herrietan, giza eskubideen alorrean, bizi duten egoeraren inguruko hausnarketak sustatzeko, azterketa kritikoaren bidez. Deialdi berrian Babesik Gabe proiektua hautatu dute, eta horren bidez, urtarrilean zehar errefuxiatuen egoera aztergai duten filmen zikloa eskainiko dute kulturunean.

CEAR Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordearekin elkarlanean, Babesik Gabe lau filmeko zinema zikloa egingo dute datozen asteetan Montehermoson. Emanaldiak gaur, urtarrilak 10, abiatuko dituzte, Isabel Coixeten La vida secreta de las palabras (2005) filmarekin. Itsasoaren erdian dagoen petrolio-plataforma bateko egunerokoa pantailaratuko du lanak. Bertan gizonezkoek soilik egiten dute lan, istripu arraro bat tarteko, emakume bakarti eta isil bat bertara eramango duten arte, itsu geratu den langilea zaintzera.

Emanaldiak doakoak izango dira, leku guztiak bete arte, eta filmak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte. Ondorengoak dira datozen astearteetako emanaldiak:

  • Urtarrilaren 17an, In This World (Michael Winterbottom, 2002). Peshawarreko errefuxiatu-eremutik Londresera bidean, Iran, Turkia, Italia eta Frantzia gurutzatu beharko dituzten bi etorkin afganiarren ibilbidea jarraituko duen lana.
  • Urtarrilaren 24an, Frozen River (Courtney Hunt, 2008). Egun batetik bestera, dirurik gabe eta semearen ardura osoarekin utziko du senarrak Ray Eddy, eta egoerari aurre egiteko, legez kanpoko etorkinak Kanadatik AEBetara pasatzea proposatuko diote, Saint Lwrence ibai izoztuan barrena.
  • Urtarrilaren 31n, Hotel Cambridge (Elianne Caffe, 2016). Sao Paulo hiriaren erdian, utzitako eraikin batean, bizi diren etxerik gabekoen eta errefuxiatuen egoeraren erretratua egingo duen lan brasildarra.