Ximun Carrere Aldudarrak Bideo kooperatibako gerentea da. Non filmaren ekoizpenean ari dira Le petit théâtre de Pain eta Derrière le Hublot taldeekin batera. Durangoko Azokaren 51. edizioan Ipar Euskal Herriari egin zioten omenaldiaz, haien eguneroko jardunaz, kooperatibaren helburuez eta beste hainbat gaiez mintzatu gara berarekin.
“Ez gara ekoizpenetik abiatzen, gure helburua ez da garai batez hainbeste filma egitea”, azaldu digu Carrerek Aldudarrak Bideo kooperatibaren jarduteko moduaz galdetutakoan. Bidarrai inguruko hedabideetan euskararen presentzia garatzeko asmoa zuen eta etxetik hurbil ikus-entzunezko lanpostu bila ari zen gazte militanteen talde batek sortu zuen elkartea 1997an; hala, Kanaldude herri telebista garatu zuten, eta herritarrekin elkarlanean aritu dira urte luzez, telebistan landutako subjektu aktibo ez ezik, proiektuaren parte ere badirelako: “Telebista bat herrialde bateko tresna da, bertako herritarren artean lotura egiteko eta lana emateko”.
Le petit théâtre de Pain antzerki taldearekin eta Derrière le Hublot kaleko arteen bilgunerarekin batera ekoizten ari diren Non filma postprodukzio fasean da uneotan, eta horrez gain, “bidean gurutzatzen diren” beste proiektu batzuk ere badituzte esku artean. Gainera, urtero Durangoko Azokan postua jartzen dute, ez soilik ekoizpenak saltzeko, baita bertan izatea beharrezkoa delako ere. “Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko elkarlana handiagoa da, baina zailtasunak ditugu proiektuak bururaino eramaten”. Mugaren alde banatan ezberdin funtzionatzen dugula uste du Carrerek.
Segidan Durangoko Azokan bertan egin genion elkarrizketaren laburpen-bideoa (Edizioa: Ioar Zabala):