Damien Chanzellen La La Land komedia musikala izan da 74. Urrezko Globoen sari banaketa ekitaldiko protagonista ukaezina, hautagai zen kategoria guztietako garaikurrak eskuratuta, inoiz Urrezko Globo gehien jaso dituen filma bilakatu baita bart gauean Beverly Hillseko (Los Angeles, AEB) The Beverly Hilton hotelean egin duten galan.
Komedia edo musikal onenaren saria, zuzendari onenarena, komedia edo musikal batean aritutako emakumezko (Emma Stone) eta gizonezko (Ryan Gosling) aktore onenen sariak, gidoi onenarena (Chazelle bera), soinu banda onenaren garaikurra (Justin Hurwitz) eta jatorrizko kanta onenarena (City of Stars, Justin Hurwitz) eskuratu ditu.
Damien Sayre Chazelle (Rhode Island, AEB, 1985) zinegile gazteak zuzentzen duen hirugarren film luzea da La La Land. Guy and Madeline on a park Bench (2009) drama musikalarekin egin zuen debuta, bai gidoilari moduan, baita zuzendari gisa ere. 2013an, ostera, Terence Fletcher musika irakasle basatiari buruzko Whiplash laburra zuzendu zuen, urtebete geroago eta film luze bilakatuta, bost Oscar sari eskuratzeko puntuan jarri zuen lana, tartean, egotitutako gidoi onenaren saria Chazelle berarentzat.
Musika alboratu gabe, La La Land proposamen arriskutsua aurkeztu zuen 2016an, Ryan Gosling eta Emma Stone aktoreak buru. Arriskutsua, maitasun istorio bat ardatzu duen komedia musikala osatu zutelako, eta halakoek, proposamen heldu eta seriotzat hartuak izatea, batetik, eta audientzia orokorrera heltzea, bestetik, zaila izaten dutelako maiz. Lagun duen Justin Hurwitz musikariarekin elkarlanean osatutako lana da (gainerako guztiak bezalaxe), eta bi gazteek apustuak sekulako arrakasta erdietsi du abuztu amaieran Veneziako zinema jaialdian aurkeztu zutenetik.
Dena den, Urrezko Globoen 74. galak beste hainbat protagonista ere utzi dizkigu:
- Moonlight (Barry Jenkins) gogorra, drama onenaren kategorian.
- Isabelle Huppert aktore frantziarra, drama batean aritutako emakumezko aktore onenaren kategorian, Elle (Paul Verhoeven) filmean egindako lanagatik (ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onenaren saria, era berean).
- Casey Affleck aktorea, Manchester By The Sea (Kenneth Lonergan) lanagatik, drama batean aritutako gizonezko aktore onenaren kategorian.
- Viola Davis aktorea, Fences (Denzel Washington) filmean taldeko emakumezko aktore moduan egindako lanagatik.
- Aaron Taylor-Johnson aktorea, Nocturnal Animals (Tom Ford) filmean taldeko gizonezko aktore moduan egindako lanagatik.
- Meryl Streep aktore estatubatuarra, Cecil B. DeMille Lifetime Achievement Award (entretenimenduaren alorrean ekarpen nabarmena egin duen artistari ematen dioten saria) eskuratzeagatik. Bere mintzaldian boterearen erabilera okerraren inguruan mintzatu zen, Donald Trump AEBetako presidente berriari erreferentzia eginez, eta kazetariak babesteko beharra azpimarratu zuen: “guztiok beharko ditugu”.
Gainerako garaileak ezagutzeko, sartu Urrezko Globoen atarian.