Juste la fin du monde (Solo el fin del mundo)
Cannesko jaialdian Epaimahaiaren Sari Nagusia eskuratu zuen Xavier Dolan zinegile kanadar gaztearen drama berriak. Jean-Luc Lagarcen antzerki obra baten egokitzapena da, eta hamabi urtez sorterritik aldenduta egon ostean, laster hilko dela jakinarazteko gurasoen etxera itzuliko den idazle gaztearen istorioa kontatuko du. Elkarrekiko gorroto ezkutua eta etengabeko eztabaidak gailenduko dira, maitasun hitz goxoen gainetik. Aktore taldea Léa Seydoux, Nathalie Baye, Gaspard Ulliel, Vincent Cassel eta Marion Cotillard aktoreek, besteak beste, osatu dute.
Silence (Silencio)
Martin Scorseseren berriena Shusaku Endoren eleberriaren egokitzapena da. Andrew Garfield (Hacksaw Ridge) eta Adam Driver (Paterson) modako aktoreek XVII. mende erdialdean Japoniara joandako bi jesulagun portugaldar gorpuztu dituzte, izan ere, haien aurretik joan zen Ferrera misiolariak (Liam Neeson), jarraitua eta torturatua izan ostean, fedea galdu duela jakingo dute, eta hura topatzea izango dute helburu. Hala, japoniarrek garai hartan kristauei egiten zieten harrera bortitzaren lekuko izango dira. Nazioarteko adituen partetik kritika onak jaso baditu ere, ez da Urrezko Globoa eskuratzeko hautagaia.
Train to Busan
Donostiako Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren 27. Astean ikusleen sari nagusia eskuratu zuen Yeon Sang-ho hego korearraren zientzia fikziozko film beldurgarriak, eta Sitgesko jaialdian zuzendari onenaren eta efektu berezi onenen garaikurrak ere bai. Lana Hego Korean girotuta dago; birus arriskutsu bat zabaldu da, eta Seul hiritik Busanera joango den tren bateko bidaiariek hari aurre nola egiten dioten erakutsiko digu zinegileak.
Mimosas
Oliver Laxeren dramak Marokoko Atlas mendikatean jazotako istorioa kontatuko du. Sheikh agurea hilzorian dago, eta bere azken asmoa Sijilmasa hirira joatea izango da, bertan lurperatu dezaten. Baina bidean hilko da, eta karabanan zihoazen senide eta lagunek zalantza egingo dute, aurrera jarraitu ala ez. Haiekin batera doazen Ahmed eta Said gazte saiatuek beren burua eskainiko dute Sheikhen gorpua eramateko, baina gizonaren alargunak zalantza egingo du. Filma Cannesko Kritikaren Astean (talentu berrien bilaketa helburu duen Cannesko jaialdiarekin paraleloan antolatutako festibala) eta Sevillako jaialdian aurkeztu zuten.
Desierto
Moisés (Gael García Bernal) eta agiririk gabeko lagun talde bat Mexikoren eta AEBen arteko muga oinez igarotzen ahaleginduko dira. Baina bidean etorkinak akabatzea gustuko duen Sam (Jeffrey Dean Morgan) zaintzaile eroak deskubrituko ditu, eta Moisésen atzetik abiatuko da, hil ala biziko harrapaketan. Jonás Cuarónen thrillerra Sitges, La Habana eta Torontoko jaialdietan aurkeztu dute, beldurrezko generoaren baitan.
Masterminds (De-mentes criminales)
Zach Galifianakis, Owen Wilson, Kristen Wiig, Jason Sudeikis, Devin Ratray eta Ken Marino aktoreen komedia zoroa, Jared Hess zuzendariaren gidaritzapean. Filmeko protagonista blindatutako ibilgailu bateko gidari berezia da. Bizitza monotonoa darama, eta emozio pixka bat emateko, gaizkile zoroz osatutako talde batekin hamazazpi milioi dolar ostuko ditu. Baina lapurretaren ostean pista mordoa utziko dituzte, eta altxorrarekin ihes egitea izango da zailena.
Contratiempo
Oriol Pauloren aginduetara jarri dira Mario Casas, Bárbara Lennie, José Coronado, Ana Wagener eta Francesc Orella aktore espainiar ezagunak Contratiempo izeneko thrillerra osatzeko. Adrian Doria (Casas) enpresari gaztea hotel bateko gelan esnatuko da bere maitalearen hilotzaren alboan. Hilketa leporatuko diote, eta epaiketari aurre egiteko, Virginia Goodmanen (Wagener) zerbitzuak kontratatuko ditu. Gau oso bat izango dute espetxea saihesteko balioko dion pista topatzeko.
https://youtu.be/ZP9hq_3PzxY
Monster Trucks
Hasbro jolasetan oinarritutako akziozko film fantastikoa. Chris Wedgek zuzendu du The Goonies (Richard Donner, 1985) eta Transformers (Michael Bay, 2007) filmen arteko nahasketa gisa aurkeztu duten egokitzapena.