Leire Palacios kazetariaren gidaritzapean, “sakonean daudenak eguzkiratzeko” formatu anitzeko saioak antolatuko dituzte hilero Bilboko Azkuna Zentroan. Kultur adierazpide askotariko sortzaileak gonbidatuko dituzte, hala nola, musikariak, idazleak, politikariak, kazetariak eta aktoreak, eta nork berea kontatzeko aukera izango du. Lehen saioan Fermin Muguruza musikari eta zinegileak hartuko du parte.
Bilbo-BCN-Belfast-Berlin-Beirut-Bogotá ibilbidea izango dute hizpide urtarrilaren 18an Palacios eta Muguruzak. Meatzaleak: Bilbo, Euskara, Kultura, Historia zikloko lehen saioa izango da, 19:00etan abiatuta, eta gonbidapenak Azkuna Zentroko informazio puntuan eskuratu ahal izango dira, leku guztiak bete arte. Muguruzaren musikagintza ez ezik, ikus-entzunezko alorrean jorratutako ibilbidea ere izango dute hizpide.
Ondoren, hilean behin, asteazkenez, jarraituko dute hitzaldi, mahai-inguru didaktiko, elkarrizketa eta zuzeneko emanaldiekin, gonbidatu bakoitzaren arabera, hizlari eta ikus-entzuleen arteko elkarreragina sustatuz.
Nagore Uriarte kazetaria eta Errota Digitala ikerketarako, dibulgaziorako eta formaziorako elkartea; Lutxo Egia idazle eta gidoilaria, eta Inun musikaria; Onintza Enbeita kazetari eta politikaria, eta Ander Lipus aktorea; Haizea Barcenilla arte aditua eta Okela Sormen Laborategia; Ander Gortazar arkitektoa eta Leire Milikua arkitektoa… Horiexek osatu dute Palaciosen gonbidatu zerrenda potoloa.
Zikloaren helburua Bilbo, Euskal Herria eta mundua kontatzea da, horretarako sortzaile bakoitzaren adierazpideak baliatuz.