Urtea: 2016
Herrialdea: AEB
Toby eta Tanner anaiek (Cris Pine eta Ben Foster) banketxeak lapurtzeko erabakia hartuko dute, finantza erakundeek kendu nahi dizkieten etxea eta lurrak mantendu ahal izateko. Bide horretan, Marcus eta Alberto poliziekin (Jeff Bridges eta Gil Birmingham) egingo dute topo, hauei egokituko baitzaie lapurrak harrapatzeko lana.
Western generoa ez dut bereziki maite, baina David Mackenzieren lana oso gustukoa izan dudala aitortu beharra daukat. Egia esan, ez da ohiko western bat, agian horrek ere eragina izan du zinema aretotik asebeteta irteteko. Izan ere, XXI. mendean kokatutako istorio bat izateaz gain, western moderno bat ez ezik, western sozial bat ere badela esango nuke, eta aldaera hori ez dut orain arte ezagutu.
Finantza erakundeen jokabideari buruzko beste begirada bat eskainiko du filmak, Texas Estatuaren eguneroko aztoragarrian oinarrituta. Egoera ekonomiko zailaren beste adibide bat eskainiko du, herritarrak bizirauteko noraino irits daitezkeen erakustearekin batera. Bertako gizartearen erradiografia bat ere erakutsiko digu zuzendariak, zenbait topiko barne, dena esan beharra dago; herri galdu bateko taberna bateko zerbitzariaren irudi eta jarrera estereotipatua, kasu. Hala ere, istorioa bera nahikoa sinesgaitza izan arren, ibilbide oparoa izango duela ziur naiz, pertsonaien arteko harremanean sakontzen baitu Mackenziek, aipatutako eduki soziala lehen lerrora eramateaz gain, gehiegizko sentsazionalismo eta moralinarik gabe.
Halako proposamen bat josteko gidoi eta interpretazio onak beharrezkoak dira ezinbestean, eta hala gertatuko da. Rangerraren larruan sartuko da Jeff Bridges, eta bikain arituko da. Ia eserlekutik altxatu gabe emango du erakustaldia. Bulegoan, autoan edo etxeko atarian eserita, ez du akzioaren beharrik izango lezioa emateko. Bistan da eskarmentua altxor preziatua dela. Eta aktoreei buruz ari garela, bitxikeria gisa, aipatu beharra dago Ben Fosterrek gustua hartu diola Texas Estatuko gizaseme izateari. Kasu honetan, preso ohi eta lapurraren papera txukun egingo du; duela hilabete gutxi, berriz, Texaseko txirrindulari iruzurgile Lance Armstrongen papera biribiltzen ikusi genuen pantaila handian.
Hain zuzen ere, Hell or Hight Water pelikularen baliorik handiena interpretazioak dira, akzioa bera baino gehiago. Berez thriller gisa aurkeztu dute pelikula, eta tiro hotsak egon badaude, baita ikuslea harrapatuko duen trama egoki bat ere. Hala ere, elkarrizketek egingo dute berezi pelikula, ez tiroketek, ezta polizia jazarpenak ere. Bi bikote protagonisten elkarrekintzan dago desberdintasuna, bakoitzak bere kezka, mamu eta konpondu beharreko korapiloekin. Bi poliziek euren duelua egingo dute, western mitikoetan bezala, eta bi anaiek gauza bera egingo dute euren artean. Hori bai, hitzak erabiliko dituzte aurrez aurrekoan, ez pistolak. Armak thrillerra elikatzeko baliatuko dituzte bakarrik, ez istorioaren benetako mamiari zentzua emateko. Azken batean, filmean zentzurik ez duen gauza bakarra pelikulari berari gazteleraz emandako izenburua da, zoritxarreko beste egokitzapen baten adibide, baina hori beste istorio bat da.