donald-cried-zinea-eus-cliff-de-hory-03

Donald Cried (2016) da Zinebiren azken edizioak utzi digun aurkikuntzarik interesgarrienetako bat. First Film pelikula luzeentzako sail berrian lehiatu zen eta, aukerarik izanez gero, benetan gomendatzen dizuet ikustea areto komertzialetan estreinatzen denean. Hala ere, jakinarazi nahi dizuet ez dela film konbentzionala. Kris Avedisianek, umore larri gordin baten bidez —behin baino gehiagotan ikuslea ondoez arraro batera daramana—, opera prima pertsonal eta goi-mailakoa erdietsi du. Gidoia idazteaz eta produkzio exekutiboaz arduratzeaz gainera, esanguratsua da zuzendariak berak interpretatu izana pertsonaia nagusiaren rol ero deserosoa baina, aldi berean, maitagarria. Izan ere, Donald itzelarekin konektatuz gero, bikain pasako duzue film hau ikustean.

donald-cried-zinea-eus-cliff-de-hory-02

Bilbea xumea da. Peter, aspaldiko partez, herrira bueltatu da haren amama hil berri delako. Ez du herriko inortxo ere ikusi nahi, baina, halako batean, gizon zarpail sastar batekin egingo du topo. Herrirako bidaian dirua eta dokumentazioa galdu dituenez, ez du beste erremediorik izango haren laguntza onartzea baino. Apurka-apurka —Avedisianek trebezia berezia erakusten du informazioa ematerakoan— jakingo dugu Donald ugerdo hori Peterren gaztetako lagunik minena zela. Aurrerantzean, herrian den bitartean, ezin izango du Peter Pan hori gainetik kendu.

donald-cried-zinea-eus-cliff-de-hory-04

Umore mingots eta sarkorrez beteta dagoen komedia bitxi honen balio handienetako bat ikuslearengan sarritan eragiten dituen ezinegona eta ondoeza dira, zalantzarik gabe. Are gehiago, garraztasun horiek hasiera batean ematen duten baino askoz sotilagoak gertatuko dira pelikulak aurrera egin ahala. Hau guztiari gehitu taxuzko errealizazio bat apaingarririk gabea, eta filmean jazotzen diren ezusteko topaketa eta gertaera absurduak, eta konturatu gara film paregabea dugula begi aurrean. Izan ere, oraindik gurasoenean bizi den zorongo tximatsu honenak (ikusgarria da haren logela Kissen panpinez eta beldurrezko filmen afixez inguratuta, baita aktoresa pornoen poster sinatuekin ondua ere), barreak eta hausnarketa sakonak eragiteaz gainera, erabat ahaztezinak dira. Eta hori asko da.