Xuban Intxaustik Donostia 2016ko Europa Transit proiektuaren barnean sortutako Erresilientzia soinuak dokumentala Chicagoko Peace On Earth Film Festivalerako hautatu dute. Jaialdia martxoaren 10etik 12ra izango da.


Donostia 2016 barnean sortu dute Europa Transit proiektua, Europako nortasunari buruzko mosaiko digital bat lortzeko. Autobusez bidaiatu dute, erredakzio multimedia batekin, gerra edo gatazken lekuko izan diren Europako hamar hiritan zehar. Leku bakoitzean hilabetez gelditu dira, eta bertan dokumental bana sortu dute. Ekoizpenak ETB telebista publikoan estreinatu dituzte azken hileetan, eta, ondoren, eskuragarri jarriko dituzte kanal edo plataforma guztientzat.resilence-editatuazinea-eus

Mursegok (Maite Arroitajauregi, Eibar, 1977) dokumentalean bidaia bat abiatuko du, Vedran Smailovic (Sarajevo, 1956) txelo jotzailearen pieza musikal berri bat sortzeko. Smailovicek Sarajevoko setioan txelo pieza bat jo zuen, frankotiratzaileak tiroak jotzen ari ziren bitartean.

Mursegok, emakume indartsuen, pentsalarien, borrokalari ohien, ikasleen eta musikarien lekukotzak jasoko ditu, eta horiek dira Sarajevon amaieran eskainiko dituen kontzerturako inspirazioa, soinuen bidez. Traumak gainditzeko gaitasunari eta musikaren ahalmenari buruzko dokumentala dugu hau eta martxoaren 10etik 12ra bitarte Chicagoko POEFF jaialdian proiektatuko da, dokumental luzeen sailean.