Donostia 2016 Kultur Hiriburutza hastapenetik lagundu duen ekimena da Olatu Talka. Sorkuntza, aniztasuna, ekologia, erantzukizuna, errespetua eta enpatia bezalako balioak indartzea helburu duen jaialdia da, eta aurrerantzean Donostia Kulturak kudeatuko du bere osotasunean, urtez urte iraun dezan. Proiektuak aurkezteko epea zabalik da, baita ikus-entzunezkoen alorrean ere.

olatu-talka-zinea-eus-01

Zortzigarren Olatu Talka jaialdia maiatzaren 19tik 21era egingo dute, bi urteko trantsizioaren ostean, aurten lehen aldiz Donostia Kulturaren zuzendaritzapean. Artista, kolektibo, elkarte eta herritarrentzako deialdia zabalik izango da urtarrilaren 31ra arte, euren proposamenak jaialdiaren atariaren bidez helarazteko. Denetariko proiektuak aurkez daitezke, baita ikus-entzunezko jarduerak ere. Izan ere, azken edizioetan, Rooftop Zinema bezalako saioak ere eskaini dituzte egitarauan.

Olatu Talkaren helburua herritarren parte-hartze arduratsu eta sortzailearen bidez, jaialdi balioanitz eta zabala diseinatzea izan da. Musika Parkean, Ziklobia, Garbibai, Sukaldanitzak, Basoka, Urbanzientzia eta Kontxa Gaumarket bezalako ekimenak garatu dituzte azken urteetan, eta hiriko txoko anitzetan eskaini, kasu askotan, erabilera urria zuten lekuetan.

Donostiatik irten eta lurralde osora zabaldu da jaialdia, gainera, eta azken edizioan, orotara, 30.000 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte 2.000 agentek antolatutako 200dik gora ekitaldietan. Azken batean, herritarrak dira Olatu Talkako protagonista, eragile zein hartzaile diren aldetik, eta elkarbizitza eta harreman eredu jasangarri eta anitzak proposatu dituzte edizio bakoitzean.

Jarduera zehatzagoak

Lehen deialdi honen ostean, aurrerago, jarduera zehatzagoentzako tartea zabalduko dute, hala nola, musika taldeentzako guneak eta azoketako postuak.