Aurten aurrenekoz, Disney in Concert: Magical Music from the Movies kontzertua Euskal Herrira helduko da. Urtarrilaren 4an izango da, eta bi emanaldi egingo dituzte Euskalduna Jauregian: 18:00etan eta 21:00etan. Aladdin (John Musker eta Ron Clements, 1992), Lehoi Erregea (Rob Minkoff eta Roger Allers, 1994), Mary Poppins (Robert Stevenson, 1964), Karibeko piratak (Gore Verbinski, 2003), Frozen (Chris Buck eta Jennifer Lee, 2013) eta beste hainbat filmetako kantak interpretatuko ditu Bilbao Orkestra Sinfonikoak, irudiz lagunduta.
Zortzi urtetik gorako haurrei zuzendutako eta irudiz lagundutako kontzertua da Disney in Concert ezaguna. Nazioarteko dozenaka hiritan egin dituzte emanaldiak orain arte, eta 2017arekin batera Euskal Herrira ere helduko da; Bilbora, hain zuzen. Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Arturo Díez Boscovichen gidaritzapean eta Paco Arrojo, Diego Rodríguez, Judith Tobella eta Julia Möller abeslarien laguntzarekin, interpretatuko ditu Disney etxeko filmen kanta ezagunak.
Pocahontas (Mike Gabriel eta Eric Goldberg, 1995), Oihaneko liburua (Wolfgang Reitherman, 1967), Sirenatxoa (John Musker eta Ron Clements, 1989), Lehoi erregea, Mary Poppins eta beste hainbat filmetako hit ezagunak izango dira entzungai, eta emanaldiak ordu eta erdiko iraupena izango du, atsedenik gabe. Urtarrilaren 4an izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Gurutze Beitia aktoreak gidatuko du saioa, eta sarrerak 25 eurotik gorako balioa dute, eserlekuen kokalekuaren arabera.