Haur zein helduentzako animaziozko lan ederrak izango dira ikusgai egunotan Deban, Animadeba jaialdiaren IX. edizioan. Euskal Herrian zein atzerrian ekoitzitako filmak dira, tartean, Kimuak katalagoko Beti bezperako koplak (Ageda Kopla Taldea, 2016) film laburra eta Un día ví 10.000 elefantes (Alex Guimerá eta Juan Pajares, 2015) dokumentala.

animadeba-2016-01Atzo bertan, abenduaren 26an, abiatu zuten Debako Agirre Jauregiko Ispiluen Gelan jaialdiaren IX. edizioa. Film laburren maratoia egin zuten, eta tartean, Begoña Vicarioren Jane, Tarzan ez zen horren guay (2016), Aitor Oñederraren I Said I Would Never Talk About Politics (2015) eta Khris Cemberen Viaje a pies (2015).

Gaur, abenduak 27, ostera, Beti bezperako koplak film laburra eskainiko dute 19:00etan, eta ostean, Ageda Kopla Taldearekin eta Maialen Lujanbiorekin solasaldia egingo dute. Izan ere, bertsolari hernaniarraren bertso bat du oinarrian ekoizpenak. Eta ostean, Anca Damiánen Crulic, camino al más allá (2014) laburra eskainiko dute Gaztetxean, 22:00etan.

Ondorengo egunetan, bina saio programatu dituzte:

Abenduaren 28an, asteazkena:

  • 17:00etan Albert (Karsten Kiilerich, 2015) film daniarra euskaraz, Zineuskadiren eskutik
  • 19:00etan Un día ví 10.000 elefantes (Alex Ghuimerá eta Juan Pajares, 2015) dokumentala, iragan Donostiako Zinemaldian Greenpeace Lurra Award saria jaso zuena.

Abenduaren 29an, osteguna:

  • 17:00etan Phantom Boy (Jean-Loup Felicioli eta Alain Gagnol, 2015) film luze frantziarra, Zineuskadiren eskutik
  • 19.00etan Gortina lehiaketaren sari banaketa egingo dute, eta ostean, Charlie Kaufman eta Duke Johnsonen Anomalisa film luzea eskainiko dute, hainbat adituk urteko film onenen zerrendan kokatu duten lana.