Ulises (Aitor Gutiérrez), Hileta (Kepa Sojo), Gure hormek (Las chicas de Pasaik) eta Anónimo (Ivan Sokolov) eskainiko dituzte Sopelan urtarrilaren 13an, ostirala, Laburrean III. Film Laburren Topaketan. Emanaldia doakoa izango da, baina gonbidapena eskuratu beharko da aurretik.
Euskal film laburrei merezi duten tartea egiteko asmoz, Laburrean Film Laburren Topaketaren hirugarren edizioa egingo dute Sopelako Kurtzio Kultur Etxean 2017ko urtarrilaren 13an, 20:00etan hasita.
Lehen filma Aitor Gutiérrezen Ulises izango da, Zinebi 2016 jaialdian zuzendaritza onenaren SGAE saria eskuratu zuen laburra. Filmeko protagonista, izenburuak ongi dioen bezala, Ulises gizon bakartia da. Baina adi, Ulisesek plan bat dauka.
Bigarrena Kepa Sojo zinegile arabarraren Hileta izango da, 2016ko Kimuak katalogoko lanetako bat. Honezkero hainbat sari jaso ditu bertako zein nazioarteko zinema jaialdietan, eta 1925eko euskal familia baten hilbeila erretratatuko du. Theodor Dreyer zinegile daniarraren Ordet (1955) lanean oinarrituta dago.
Hirugarren proposamena Las chicas de Pasaik kolektiboko Maria Elorza eta Maider Fernandezen Gure hormek labur dokumentala izango da. Zinebi jaialdian Euskal Zinemaren Saria jaso zuen, eta aurtengo Kimuak katalogoko lanetako bat da, Hileta bezalaxe. Hainbat emakumeren erretratua egingo du, haien etxeetako hormen bidez.
Eta azkenik, Ivan Sikoloven Anónimo laburraren txanda helduko da. Aurtengo Zinebi jaialdian gidoi onenaren SGAE saria jaso zuen, eta bere buruaz beste egin nahi duen gizon batek itxaropen telefonora egingo duen deia izango du oinarrian.
Emanaldia doakoa izango da, baina gonbidapenak aurretik eskuratu beharko dira Kurtzio Kultur Etxean bertan.