Dock of The Bay musika dokumentalen jaialdiak hamargarren edizioa egingo du 2017an. Urteurren borobila lorpen ederrra da, eta jaialdiak erreferentziazko ekimen bilakatzea lortu du Europan. 2017ko urtarrilaren 7tik 14ra luzatuko dira emanaldiak, eta ohi bezala, kontzertuak eta festak ere antolatuko dituzte.

dock-of-the-bay-01Sail, antzoki, ikus-entzule eta egun kopuruak gora egin du urtez urte Dock of The Bay jaialdian. Donostiako musika dokumentalen festibalera 10.000 lagunetik gora hurbildu ziren iazko edizioan, eta programatutako lanen kalitatea ere hobetzen joan da pixkanaka. Hamargarren edizioko egitaraua aurkeztu zuten atzo, abenduak 22, antolatzaileek, eta kartela ez ezik, aurtengo argitalpena ere ezagutarazi zuten: Francoise Hardyren La desesperación de los simios… y otras bagatelas. Izan ere, azken urteetan, Expediciones Polares argitaletxearekin eta Psycho Beat! programarekin elkarlanean, paperezko edizio bat kaleratu dute urtero.

Jaialdia D.A. Pennebaker estatubatuarraren Bob Dylan: Don’t Look Back dokumental mitikoak zabalduko du hilaren 7an, 17:30ean Antzoki Zaharrean. 1965ean errodatutako lana da, Bob Dylanen egunerokoa erretratatzen duena. The Rolling Stones, The Everly Brothers, Leonard Cohen, Rodríguez, Thor, Fat Mike, The Who eta Blur bezalako talde eta bakarlarien inguruko lanak ez ezik, jarraitzaileen, musika argazkilarien, ekoizleen eta bestelako figuren argazkia ere egingo duten dokumentalak izango dira ikusgai aurtengo edizioan.

Baita Antxón Notario, Ainara Mentxaka, Ane Cerrato eta Javier Blancoren Sound of Root dokumentala ere, Euskal Herriko reggaearen eta skaren historiari buruz. Tartean, Hertzainak, Potato, Skalariak, Revolutionary Brothers eta Green Valley taldeekin egin dituzte elkarrizketak.

Egitarau osoa kontsultatzeko eta informazio gehiago eskuratzeko, kontsultatu jaialdiaren ataria.

Sariak eta epaimahaikideak

Era berean, hamargarren edizioko lanak ebaluatzeaz eta musika dokumental onenaren saria banatzeaz arduratuko den epaimahaia aurkeztu zuten atzokoan. Zinemaren eta musikaren munduko bost profesional hautatu dituzte: Alejandro Díaz zinegilea eta Sevillako Europar Zinema Jaialdiko programatzailea, besteak beste; Felipe Cabrerizo zinema aditua; Kikol Grau zinema historialaria eta zinegilea; Leire Apellániz ekoizlea eta zinegilea; eta Virginia García del Pino zine zuzendaria eta irakaslea.

Jaialdian hiru sari banatuko dituzte: arestian aipatutako epaimahaiaren sari nagusia, 2.000 eurokoa; SADE elkarteak ematen duen saria, 1.000 eurokoa; eta ikus-entzuleen saria, balio ekonomikorik gabea.

Kontzertuak, aurkezpenak eta mintegi bat eskainiko dituzte, gainera. Azken hori urtarrilaren 12an egingo dute Koldo Mitxelena Kulturunean, 16:30etik aurrera, eta Narrativas de lo real izenburupean, musika dokumentalen narratiben inguruko azterketa egingo dute Felipe Cabrerizo, Alejandro Díaz eta Kikol Grau epaimhaikideen, Joan Pons zinema kazetariaren, Aaron Rodríguez historialari eta zinema adituaren, eta Fernando Golvano irakaslearen eskutik.

Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu Dock of The Bay jaialdiaren atarian.