Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak urtero antolatzen duen HUHEZINEMA film laburren jaialdiaren 10. edizioa 2017ko martxoaren 28tik 31ra egingo dute, eta lanak aurkezteko epea zabalik dela jakinarazi dute antolatzaileek. Otsailaren 16a izango da azken eguna.

huhezinema-2017-deialdia-zinea-eus-01

Urtez urte, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko ikasle talde batek antolatzen du fakultateko film laburren jaialdi ezaguna. Aurtengoa hamargarren edizioa izango da, eta laugarren mailako 20 ikaslek osatutako taldea, Iban del Campo irakaslearen laguntzarekin, arduratuko da sorpresa ugari izango dituen hamargarren ekitaldia prestatzeaz.

Honezkero lanean hasi dira, eta Sail Ofizialera, Basque Culinary sailera eta MUko ikasleen sailera lanak bidaltzeko epea zabalik dela iragarri dute, otsailaren 16ra bitarte. Oinarriak online kontsulta daitezke.

Gainera, edizio berriak hainbat aldaketa izango dituela aurreratu dute, hala nola, lanak aurkezteko prozesua erraztu eta merketu egin dutela. Vimeo edo Youtubeko esteken bidez jasoko dituzte lanak aurrerantzean, eta izen-emateagatik ez da tarifarik ordaindu beharko.

Ez hori bakarrik: euskarazko film labur onena saritzen duen Goiena sariak diru-sari handiagoa izango du aurtengoan, eta Ogeita4 Camera Solution enpresaren eskutik, 1.500 euroko balioa duen kamera ekipamendua emango diote irabazleari, 2018ko HUHEZINEMA lehiaketarako lan bat osatu dezan.

Honenbestez, has zaitezte zuen film laburrak prestatzen!