Urtea: 2008
Herrialdea: Euskal Herria
Lucas (Héctor Alterio) eta Maria (Julieta Serrano) anaia-arrebek oso presente dituzte gaztetako oroitzapenak eta maitemindu zireneko garaia. Lucasek ongi baino hobeto daki heriotza ate joka duela, baina pozik bizi da iraganari begira. Marcos (Daniel Brühl) eta Roma (Bárbara Goenaga) gazteak ezagutuko dituzte, eta haien begietan ikusiko dute oraindik bihotzean gordeta duten sentimendua: maitasuna. Filma Unai Elorriagaren SPrako tranbia eleberrian oinarrituta dago.
Olentzerok ez du ikatzik ekarriko Gabiriara, txokolatea baizik. Hain zuzen ere, Txokolate apur bat filma proiektatuko dute abenduaren 28an, 17:00etan, herriko kultur etxean. Opari gozoa izango da, ezbairik gabe, Aitzol Aramaiok zuzendutako pelikula barru barruraino iritsiko baitzaio ikusleari, laztan goxo baten antzera. Sentikortasun handia izan ohi dugu Gabonetan; bada, ondarrutarraren lanak sentipenak biderkatuko ditu, irribarrea eta malkoaren arteko muga biziki hauskorra dela berresteraino. Teknikoki ez da pelikula biribila, baina emozionalki aberatsa da, hunkigarria, begiekin baino, bihotzarekin ikusteko osatua.
Maitasuna eta heriotza ditu ardatz pelikulak, eta lau pertsonaia nagusien artean Héctor Alterioren lana nabarmenduko nuke, Lucas maitagarriaren paperean. Iraganean geratu da Lucas, maitemindu zeneko garaian, eta ikusleak berarekin egingo du bidaia, orainari, heriotzari, muzin eginez. Ez dago zertan kezkatu beharrik. Heriotza iritsi, iritsiko da, baina, bitartean, ahal izanez gero, gozatzea baino gauza hobeagorik ez dago, oroitzapenen bitartez ere. Nostalgiaz, baikortasunez eta umorez zipriztindutako pertsonaia da Lucas, eta, horrela izanik, Maria arrebari ere piztuko dio iraganarekiko grina. Marcos eta Roma, berriz, orainaren ordezkari izango dira; edo, hobe esanda, etorkizun batean iraganaren ordezkari zoriontsuak. Hitz potoloa da maitasuna, mendiak mugitzen dituen horietakoa; Shisha Pangma tarteko. Bada, maitasunetik edango dute guztiek, ikusleak ere.
Lokalizazio ezagunek pertsonaia eta istorioarekiko hurbilago sentiaraziko gaituzte. Algortako portu zaharra ez ezik, Txindoki ere azalduko da; ia ia etxeko egongelan sentituko gara. Eta magia txoko guztietara zabalduko denez, heriotza ez zaigu horren garratza irudituko. Fikzioaz ari gara, noski. Izan ere, heriotzaz ari garela, Aitzol Aramaioren galera ezin dugu aipatu gabe utzi. Duela bost urte zendu zen, ustekabean, 40 urte besterik ez zituenean. Etorkizun handiko zuzendari bat galdu zuen Euskal Herriak, Terminal (2003) film labur arrakastatsua eta Un poco de chocolate (filma jatorriz gaztelaniaz da, baina estreinaldian euskarara bikoiztutako bertsioa eman zuten) filma bera lekuko. Hala, opari bat ez ezik, omenaldi bat ere izango da datorren asteazkeneko emanaldia.