Gaur, abenduak 21, urteko egunik motzenean eta negurako atea zeharkatuko dugun honetan, El día más corto jaialdiaren laugarren edizioa egingo dute munduko 100dik gora herri eta hiritan. Ekimenaren helburu nagusia film laburrak zabaltzea da, plaza, eskola, museo, ospitale eta bestelako aretoetan egindako doako emanaldien bidez. Euskal Herrian, Donostian, Bilbon, Baionan, Eibarren eta Gasteizen egingo dituzte proiekzioak.

el-dia-mas-corto-zinea-eus

Kultur kudeaketan jarduten duten eragileek, instituzio publikoek zein pribatuek, eta baita herritar partikularrek ere, har dezakete parte El día más corto nazioarteko jaialdian. Horretarako, ekimenaren atarian beren mostra sortzeko aukera dute, eta bertan eskaintzen diren film laburren zerrenden artean programatu nahi dutena aukeratu. Hala, ekitaldia jaialdiaren orrialdeko mapan azalduko da, eta interesa duen edonork doan joateko aukera izango du.

Lehen edizioa 2013an egin zuten, eta 82 saio egin zituzten. Urtebete geroago, emanaldi kopurua 102ra igo zen, eta ikusleak bikoiztu; eta igoerak urtez urte jarraitu du. Ekimenaren antolatzaile nagusia Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa da, eta film laburrak bistaratzea eta hartzailego zabalera helaraztea du helburu.

Emanaldiak Euskal Herrian

Gurean ere egingo dituzte emanaldiak gaur, abenduaren 21ean. Orotara hamar saio egingo dituzte Angleten (Baiona), Donostian, Gasteizen, Eibarren eta Bilbon (sei). Saioen ordutegiak eta lekuak ezagutzeko, sartu atariko mapan.