Azkoitiko Matadeixe Zinetogram taldearen ekimenez, nazioarteko jaialdietan saritu dituzten eta gai sozialak lantzen dituzten film garaikideekin osatutako zikloa egingo dute Azpeitiko Baztartxo antzokian abendutik martxora. Emanaldiak asteazkenean, abenduak 14, hasi zituzten Joshua Oppenheimer zinegilearen The Act of Killing arrakastatsuarekin, eta gaur bertan, abenduak 16, zinegilearen The Look of Silence gogorra eskainiko dute 22:00etan.
Matadero Ekintzak elkartearen baitako Matadeixe Zinetogram taldeak ohiko zirkuituetatik at programatu ohi dituzten film interesgarriak Azkoitiko eta inguruko herrietako lagunei eskaintzea du helburu, baina baita zinearekin zerikusia duten bestelako jarduerak antolatzea ere. Horretarako, hainbat ziklo eta tailer antolatzen dituzte urtean zehar.
2016ari merezi duen amaiera emateko eta 2017a indartsu hasteko, azken urteetan nazioarteko aditu eta ikusleen errekonozimendua eskuratu duten sei lan eskainiko dituzte. Lehen biak Joshua Oppenheimer zinegile dano-amerikar laudatuaren lan berrienak izango dira: batetik, Europako Zinemaren Sarietan dokumental onenaren garaikurra eta Berlingo zinema jaialdian ikusleen saria, besteak beste, eskuratu zituen The Act of Killing dokumentala. 1965eko Indonesiako kolpe militarretik eta genozidiotik hainbat hamarkada igaro direnean, zibilak hil eta bortxatu zituzten bi mertzenariori egindakoa berregiteko eskatuko diete; horixe lanaren planteamendu izugarria.
Bigarrena, ostera, The Look of Silence izango da, gaur bertan, abenduak 16, ostirala, 22:00etan eskainiko dutena. Venezian epaimahaiaren sari nagusia eskuratu zuen 2014an eta dozena bat jaialditan dokumental onenaren sariak jaso zituen. Bigarren dokumental honek lotura zuzena du lehenengoarekin, The Act of Killing lanari esker seme eta anaia zutenaren hiltzailea identifikatu baitzuen familia indonesiar batek. Anaiak hilketaren egileekin hitz egitea erabakiko du orduan.
Ondorengoa da egitarau osoa:
Abenduak 16, ostirala, 22:00etan: The Look of Silence (Joshua Oppenheimer, 2014)
Urtarrilak 13, ostirala, 22:00etan: A Quiet Passion (Terence Davies, 2016)
https://youtu.be/nAJsmpVgLVc
Urtarrilak 27an, ostirala, 22:00etan: Fuoccoammare (Gianfranco Rosi, 2016) – Berlinen Urrezko Hartza eskuratu du aurten –
Otsailak 10, ostirala, 22:00etan: Paterson (Jim Jarmusch, 2016)
Otsailak 24, ostirala, 22:00etan: El botón de Nacar (Patricio Guzmán, 2015) – Gidoi onenaren saria Berlingo jaialdian iaz –