Jabi Baraiazarra (Bilbo, 1961) Bilbao Mendi Film Festivalaren sortzaileetako bat eta jaialdiaren zuzendaria da. Mendiarekin lotutako ikus-entzunezkoak biltzen dituen euskal jaialdi entzutetsuenak bederatzigarren edizioa du iragan abenduaren 9an abiatutakoa, eta hilaren 18ra bitarte, bertako zein nazioarteko ekoizpen zirraragarriez gozatzeko aukea izango da Bizkaiko hiriburuan.
“Mendiko zinemaz gose ginen, eta tontorreraino ailegatzeko asmoarekin abiatu ginen”, dio Baraiazarrak jaialdiaren sorreraz galdetutakoan. 2006an antolatu zuten Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren lehen edizioa, eta urtez urte, antolatzaileek jasotako lanen kopuruak zein ekitaldira hurbiltzen diren ikus-entzuleen kopuruak nabarmen egin du gora. Baita kalitateak ere: “Aurtengo ezaugarri aipagarriena filmen kalitatea dela esango nuke”, gaineratu du.
Jaialdiaren nondik norakoez, Mendi Tour zikloaren bilakaeraz, Pou Anaiekin batera osatutako 7 paredes, 7 continentes dokumental sortaz, eta beste hainbat kontuz mintzatu gara bilbotarrarekin. Hona elkarrizketa: