Joan zen astean Cristian Mungiuren Bacalaureat (Los exámenes) film berria ikusi nuen. 4 luni, 3 saptamini si 2 zile (4 hilabete, 3 aste eta 2 egun) lanarekin ezaguna egin zen zuzendari errumaniarra, eta Canneseko Urrezko palmorria irabazi zuen 2007an. Bada, lan berriari esker zuzendari onenaren garaikurra eskuratu berri du Cannesen Errumaniako olatu berriko zinegileetako bat dugun Mungiu.

4 hilabete, 3 aste eta 2 egun filmean Errumaniako Errepublika Sozialistaren azken urteetan praktikatutako legez kanpoko abortu bat pantailaratu zuen, bere ikuspuntu berezitik. Lan berrian, ostera, emakumeen egoera erdigunean jarri ez badu ere, ez ditu alboratu. Filmak egungo Errumaniako ustelkeria du aztergai, baina protagonistaren inguruan dauden hiru emakumeen rolak azpimarragarriak iruditu zaizkit, eta txoko honetara ekarri nahi izan ditut. Romeoren inguruan bere alaba, emaztea eta maitalea daude, eta hirurak daude gizonaren erabakien baldintzapean.

Lehena, eta uste dut garrantzitsuena, Eliza alaba da. Batxilergoa amaitzen ariko da, eta bere aitak Erresuma Batuko unibertsitate batera joan dadin nahiko du. Horretarako, azken azterketetan emaitza bikainak eskuratu beharko ditu, baina azterketa baten aurretik eraso bat jasango du, eta gauzak aldatu egingo dira. Hainbat alderdi aipatu nahiko nituzke: lehena, erasoaren salaketaren eszena; izan ere, polizia-agenteek bortxaketa normaliztu egingo dute, eta garrantzia kenduko diote Elizaren egoeraren larritasunari. Bestalde, Romeok bere alabaren etorkizuna erabaki nahiko du, aitak hartu baitu gaztea Erresuma Batura joateko erabakia, eta erasoaren ostean Elizak aurka egingo dio gizonaren asmoari. Romeok, baina, azterketak egitera joan dadin erregutuko dio, eta alaba aitak eskatutako guztia betetzen ahaleginduko da.bacalaureat-zinea-eus-amaia-garcia-01

Romeok ez du Elizaren ama maiteko, alabaren ikastetxeko irakasle bat baizik; urtebete darama berarekin. Bien arteko harremana ezkutukoa izango da, baina emakumea nekatua egongo da egoerarekin. Gizonaren zain egongo da beti, eta Romeok ez du lehentasunen artean izango harremana. Hilerokoan falta bat duela ere adierazten dio, baina Romeo ez da horrekin larrituko; sendagilearengana joango da, baina gizonak ez dio arrazoiaz galdetuko. Nire iritziz, maitasun harreman erabat hotza da bien artekoa.

bacalaureat-zinea-eus-amaia-garcia-02

Elizaren amak, azkenik, ez du Romeorekin lo egingo. Etxe berean biziko dira, baina badaki Romeo beste emakume batekin  joango dela Elizak etxetik alde egiten duenean. Erasoa gertatzen denean, tentsio-uneak biziko dituzte, baina filmak aurrera egin ahala, argi geratuko da bien arteko lotura bakarra Eliza alaba dela.

bacalaureat-zinea-eus-amaia-garcia-03

 

Filmean zehar, Romeok Errumaniako botere karguengana joko du hainbat arazo konpontzeko, eta ordezkari horiek guztiak ere gizonezkoak izango dira. Hala, Errumaniako egoera erakutsi nahi izan du Mungiuk, bereziki ustelkeria oinarri hartuta. Nire kasuan, ez dut Errumaniako errealitatea gertutik ezagutzen, baina uste dut emakumeen egoera era fidelean islatu duela. Ez da filmaren gai nagusia, baina zeharka bada ere, emakumeek bizi duten zapalkuntza erakutsi nahi izan du.