Bergman, Ford, Welles eta Chaplinen ostean, Nafarroako Filmotekan Stanley Kubrick (1928-1999) zinegile newyorktarrari eskainitako zikloa antolatu du. Zuzendariaren hamahiru film luzeetatik hamar eskainiko dituzte, orotara. Zikloa azaroaren 30ean abiatu zuten, eta abenduaren 30era bitarte, beste hiru saio egingo dituzte ostiraletan.

stanley-kubrick-zinea-eus-nafarroako-filmoteka

Zinegile berezia zen Kubrick. New Yorkeko Bronx auzoan jaio zen, erdi-goi mailako familia judutar batean, eta oso gaztetatik gustuko izan zituen argazkigintza, musika eta xakea. Ikaslea zela, Look aldizkariarentzat hasi zen lanean, eta aktore, musikari, modelo eta bestelako pertsonaia ospetsuak ezagutzen hasteko aukera izan zuen. 1953an aurkeztu zuen bere lehen film luzea (Kubricken hitzetan, bere lanik eskasena eta Nafarroako Filmotekak antolatutako zikloan kanpoan geratu den lanetako bat), Fear and Desire, jaberik gabeko lurren alde borrokatuko duen gudari talde bati buruzko lana.

Filmak ez zuen arrakasta handirik eskuratu, baina bere bigarren lana finantzatzen lagundu zion, 1955eko Killer’s Kiss, eta bigarren horri esker James B. Harris NBCko ekoizlearen arreta erakarri zuen. Une horretatik aurrera, ekoiztetxe bat sortu zuten biek, eta pixkanaka, Kubricken sorkuntza lanak, bata bestaren ostean, heltzen joan ziren.

XX. mendeko zinegile berritzaile eta eraginkorrenetako bat izan zen. Filmetako hainbat literatur lanetan oinarritu zituen, eta pop musika eta musika klasikoa nahastu ohi zituen soinu banda osatzeko. Sinbolismo handiko lanak ziren bereak, teknikoki ia perfektuak eta eskura zituen baliabide zinematografikoekin aberastutakoak. Detaile guztien kontrola izan ohi zuen, eta orotara hamahiru film luze osatu zituen, horien artean ezagunenak, A Clockwork Orange (1971) eta The Shining (1980), historiako film onenen zerrenda ageri ohi diren kultuzko lanak.

Nafarroako Filmotekako emanaldiak

Honenbestez, Nafarroako Filmotekak zinegilearen lanetako hamar berreskuratu ditu Stanley Kubrick esentziala zikloaren baitan eskaintzeko. Saioak ostiraletan izango dira (dagoeneko hiru emanaldi egin dituzte), eta sarrerak 3 euroan eskura daitezke emanaldien aurretik (bazkideek euro 1en truke).

Egutegia:

  • Abenduaren 16an, 19:30ean: The Shining (1980)
  • Abenduaren 23an, 20:00etan: Full Metal Jacket (1987)
  • Abenduaren 30ean, 19:30ean: Eyes Wide Shut (1999)